Kazeta

Paris eta Madril koordinatuta ari dira presoen hurbilketarako

Gobernu frantses zein espainiarrak presoen hurbilketarako "koordinatuta" ari direla baieztatu dute. Juan Ignacio Zoido Barne Ministroaren adierazpenen arabera, Madril ez da Parisen borondatearen kontra agertu. AVT elkarteak, ordea, aurkako jarrera adierazteko, Macron presidenteari gutun bat bidaliko diola iragarri du. Urtarrilaren 24an bilkura bat iraganen da Parisen elkartea eta Helène Davo Justizia Ministeritzako kabineteko zuzendariaren artean.

Justizia Ministeritzako bozermaileak eta Barne Ministro espainiarrak lankidetza baieztatu dute. ©Estatu frantsesaren enbaxada Estatu espainiarrean
Justizia Ministeritzako bozermaileak eta Barne Ministro espainiarrak lankidetza baieztatu dute. ©Estatu frantsesaren enbaxada Estatu espainiarrean

Justizia Ministeritza frantsesak datozen asteetan presoak hurbiltzen hasiko direla iragarri zuenez geroztik, guti dira plazaratu dituzten xehetasunak. Aldiz, Youssef Badr Justizia Ministeritzako bozeramaileak presoen hurbilketarako Estatu frantses zein espainiarra "koordinatuta" ari direla baieztatu zuen. Juan Ignacio Zoido Barne ministro espainiarrak bi estatuen arteko lankidetza "osoa eta iraunkorra" dela zehaztu zien Vocento taldeko egunkariei.

"Bere legediaren arabera", Estatu frantsesa euskal preso batzuk egin eskaerak ikertzen ari dela azaldu du Zoidok. Eskaeren ikerketa eta erabakia "kasuz kasu" hartuko dela nabarmendu zuen.

Ordurarte, Madrilek ez du Parisek harturiko jarrera kritikatu, ezta kontrako borondatea adierazi ere. Haatik, orain arte euskal presoek egin dituzten eskaera guztiak ezeztatu ditu presondegietako administrazio espainiarrak.

Azpimarratzekoa da, Garak plazaratu duenez, 2011n Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 44 kide zeudela Hego Euskal Herritik hurbil dauden presondegietan. Gaur egun, ordea, presondegi horietan 16 kide daude, soilik.

AVT Parisen urtarrilaren 24an

Gobernu espainiarra bera ez bada kontra agertu ere, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak Emmanuel Macron Estatu frantseseko presidenteari gutun bat bidaliko diola iragarri zuen. Euskal ordezkaritzarekin duen harremana haustea eskatuko dio, hain zuzen.

Heldu den urtarrilaren 24an Helène Davo Justizia Ministeritzako kabineteko zuzendariak elkartea errezibituko du Parisen. Gobernuaren asmoa azalduko die bilkuran.

Gisa berean, Vincent Bru diputatua eta Max Brisson senataria ere biktimen elkarteekin elkartuko dira otsailaren hasieran Gasteizen. "Badakigu elkarte horiek oso militanteak direla eta hurbilketaren kontra agertuko direla. Baina, garrantzitsua iruditzen zaigu haiekin ere eztabaidatzea", jakinarazi du Bruk.