Kazeta

Patxa plaza: proposamenak bozkatuko dituzte otsailaren 2tik 9ra

Urrian galdeketa publikoa burutu ondoren, Patxa plaza berritzeko proposamenak plazaratu dituzte. Zortzi aukeren artean, otsailaren 2tik 9ra bozkatzeko deia luzatu dute.

149 parte hartzailek izena eman zuten urrian antolatutako galdeketan. © Bob EDME
149 parte hartzailek izena eman zuten urrian antolatutako galdeketan. © Bob EDME

Baionako Patxa plaza berritzeko xedez, galdeketa publiko bat antolatu zuen Patxa Plaza kolektiboak iazko urriaren 21ean. "Elkarrizketa sanoa eta eraikitzailea" hizpide, herritarrek beren proposamenak plazaratu zituzten. Horietariko zortzi aukeratu ditu taldeak. Otsailaren 2tik 9ra aukera gustuena bozkatzeko deia luzatu du.

Orotara, 149 parte hartzailek izena eman zuten galdeketan. Horiek hamazazpi proposamen egin zituzten maketa baten bidez eta beste 433 ideien kutxan. Ideien "aberastasuna eta aniztasuna" nabarmendu du Patxa Plaza kolektiboak. "Parte hartzea eta edukia bikainak" izan direla erantsi du.

Egindako galdeketaren bitartez, gehiengoak nahi duena agerian utzi dute. Hau da, aparkalekua kentzea, zola berriz egitea, jendea elkar ezagutzeko ekimenak burutzeko espazio bat sortzea, zakar ontzien lekuz aldatzea eta plazaren izenaren ofizializazioa, besteak beste.

Aukeratu diren zortzi proposamenak bozkatzeko bi aukera plantan eman ditu kolektiboak. Alde batetik, Baionako Herriko Etxearen webgunearen bidez iritzia adieraz daiteke. Bestalde, otsailaren 9an 14.00etatik 19.00etara paper baten bitartez bozkatzen ahalko da Euskal Museoan.

Emaitza plazaratuko dute otsailaren 9an 20.00etan Euskal Museoan. Baionar eta plazaren erabiltzaile guziei parte hartzeko deia luzatu diete.