Maite UBIRIA

Hur Gorostiaga: "Suak ez gaitu geldituko"

Seaskak Kanbon dituen bulegoetan sute bat piztu zen urtarrilaren 10ean. Beheko solairuan gertatutakoa konpontzeko "hiruzpalau hilabeteko lanak" aurreikusi dituzte. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak asurantzak "gehiena" ordaintzea espero du.

Sutea Seaskak Kanbon dituen bulegoetan. ©Isabelle Miquelestorena
Sutea Seaskak Kanbon dituen bulegoetan. ©Isabelle Miquelestorena

Seaskak Kanbon duen egoitza nagusian bezperan izandako suteak utzitako kalteak neurtzeko eguna izan zen urtarrilaren 11koa.

Bertan ari diren hogei langileak "langabezia teknikoan" gelditu dira, ikastoletako kontabilitate lanak, formakuntza saioak... jarduera guztiak eten behar izan dituztelako.

Horrez gain, beste lan anitz trabatuko ditu "erronka zailez beteriko urte hasieran" heldu den istripuak. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak GARAri azaldu zionez, enpresa batek hartuko ditu bere gain, gaur bertan, garbiketa lanak. Hortik aurrera, "hiruzpalau hilabeteko lanak" aurreikusten dituzte atzo diagnostikoa egitera hurbildu ziren adituek.

Beheko lokala eta bertan zituzten materialak suntsitu zituen suak. Herri Urratserako jantziak, ordenagailu zaharrak, egutegiak eta abarrak kixkaliz. Egiturazko kalteak ez direla izan ziurtatu arte zutabeak ezarri dituzte lehenengo estaian, ustez sua eragin zuen elektrizitate sistema konpontzeko desmartxak ere abian emanez.

"Inor ez delako zauritu eta etxea salbatu delako pozik gaude, eta espero dugu aseguruak gehiena ordaintzea", adierazi zuen Gorostiagak. Beraren ustez, elkartasun keinurik onena "gaur Baionan antolatu dugun ‘Bectso’ saiora joatea da, irri egin eta indarra hartzeko, suak ez gaitu-eta geldituko".