Kazeta

Bokale: auzapezpordearen eginkizunak bertan behera utzi ditu Gonzalezek

"Konfiantza" arazo bat dela eta, Bokaleko auzapeza den Francis Gonzalezek Marie-Ange Thébaud (EELV) auzapezordea bere kargutik kendu du urtarrilaren 4an.

Francis Gonzalez Bokaleko auzapeza.
Francis Gonzalez Bokaleko auzapeza.

Urtarrilaren 4az geroztik, orain arte Bokaleko auzapezordea zen Mari-Ange Thébauldek ezin du deus egin auzapezaren izenean. Ingurumena eta etxebizitza sozialen esleitzeaz arduratzen zen auzapezordearen kargua bertan behera utzi du Francis Gonzalezek. Hautetsiarengan "konfiantzarik ez duela" adierazi du auzapezak. Gonzalezen erranetan, Herriko Etxeko hautetsiek bere erabakia babestu dute.

Iragan abenduaren 16ko kontseilu iraunkorrak Marie-Ange Thébaudek ahalordea eman zion Martine Bisauta lehendakariordeari. Baionako hautetsia, bere ordez hautatu izana, oso gaizki hartu du Francis Gonzalesek. Gainera, bere aburuz, hori egin du abisatu gabe.

Gonzalezek gogora ekarri duenez, ez da lehen aldia ezadostasunean dagoela Thébaudekin. Hain zuzen ere,  Euskal Elkargoak onartuta, Landesetako herrien ekipamenduen sindikatuak ura hornituko dio Bokaleri. Thébaud ez zitekeen guztiz ados erabakiarekin.

"Abenduaren 16an gertatu dena ezin dut ahaztu. Ezin dut lan egin, konfiantzarik ez badut", erantsi du Gonzalezek. Urtarrilaren 23an iraganen den kontseiluan auzapezorde berria hautatuko dute. Auzapezak Marie-José Roques izatea nahiko luke.

Sophie Bussière EELVeko departamenduko idazkariak elkartasuna helarazi dio Thébaudi. Gaiari buruzko agerraldi bat antolatu du alderdiak urtarrilaren 9rako.