Kazeta

Ateak ireki ditu sormen bazkaleku izanen den Durangoko Azokak

Hasiera eman diote Durangoko Azokaren 52. edizioari. Landako guneak gaurtik aitzina eta igandera bitarte sormen bazkaleku izanen da. Ipar Euskal Herriko berrikuntzak ere presente izanen dira. Orotara bederatzi argitaletxe eta diskoetxek parte hartuko dute ekimenean.

Goizeko 10.20ean ateak ireki ditu aurtengo Durangoko Azokak Martxel Rodriguezen dantza baten bitartez. Azokak 240 stand, 400 nobedade eta 200 ekitalditik gora izango ditu kulturzale eta euskaltzaleentzat. Landako Gunearen ohiko ordutegia, urtero legez, 10:30etik 20:00ak arte izango da. Ipar Euskal Herriko berrikuntzak ere presente izanen dira igandera arte iraunen duen ekimenean.

Inaugurazio ekitaldia 12:00etan izanen da, Naiz atariak berri eman duenez. Yolanda Arrieta idazleak eta L'Atelier dantza eskolak elkarlanean ‘Hasieraren hazia’ lana eskainiko dute. Horrez gain, Gerediaga elkarteko presidentea den Nerea Mujikak, Durangoko alkate Aitziber Irigorasek, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak eta Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak parte hartuko dute ekitaldian, besteak beste.

Egunean zehar ekitaldi anitz egonen dira gune guztietan. Irudienea ikus-entzunezkoen plazan, 11:00etan, Jose Antonio Sistiaga aurtengo kartelaren egileak bere bi lan aurkeztuko ditu (‘Impresiones en la alta atmosfera’ eta ‘Paisaje Inquietante-Nocturno’), eta 13:00ean, ‘Estitxu’ dokumentala proiektatuko da.

Musika etengabe Ahotsenean

Areto Nagusian hainbat aurkezpen eginen dira. Horrela, 16:30ean, adibidez, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 30 urteko ibilbidearen inguruko solasaldia egingo dute. Kabi@n, goiz eta arratsaldez bideo jokoak eta euskara uztartzen dituen ‘Gamer Gela’ hitzaldi multzoa egongo da, eta Saguganbaran, kantu jolasak, ipuin kontaketak eta aurkezpenak egingo dira; adibidez, 18:00etan, Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak ‘Mokotxiki’ aurkeztuko dute.

Halaber, Ahotsenean maratoiari hasiera emango diote gaur, eta zuzenekoen karpan, 11:00etatik 20:00ak arte, Rafa Rueda, Perlata, Beñat Igerabide edo Maider Zabalegi izango dira, besteak beste. Gainera, solasaldietan, Miren Gaztañaga, Yogurinha Borova, Fito Rodriguez, Silvia Federici edota Jule Goikoetxea izango dira, besteak beste.

Eszenatokian emanaldi berezia izango dute 18:00etatik aurrera: Lauaxeta eta Lorcaren istorioak hizpide dituen ‘Ele!’ antzezlana. Sarrerak 10 euroan eskura daitezke. Azkenik, gaua Plateruena Kafe Antzokian amaituko da, Governors taldearekin, 22:30ean. Arrasatearrek ‘Zero’ lan berria aurkeztuko dute.