Kazeta

Nafarroako historia taula gainera eramanen du 'Joanikot' pastoralak

Uda honetan eskainiko duten pastorala prestatzen ari dira Altzai eta Lakarriko herritarrak. 'Joanikot' deituriko emanaldiak Nafarroako historia taula gainera eramanen du, batez ere Joanikot kapitainaren ibilibidea antzeztuko du.

Laurogeita hamar bat pertsonek "Joanikot" deituriko pastoralean antzeztuko dute.
Laurogeita hamar bat pertsonek "Joanikot" deituriko pastoralean antzeztuko dute.

Nafarroako konkistaren gora beherak antzeztuko dituzte aurtengo pastoralean. Altzai eta Lakarriko laurogeita hamar bat pertsonek "Joanikot" deituriko pastoralean parte hartuko dute. Uztailaren 30ean izango da lehenengo emanaldia eta hurrengoa abuztuaren 6ean.

Otsailaz geroztik Altzai eta Lakarriko herritarrak lanean dabiltza Nafarroako historiaz hitz eginen duen pastorala prestatzeko. Larunbatero, Jean-Pierre Recart errejentaren gidaritzapean, errepikak egiten dituzte uda honetan dena prest izateko xedez. Iragan martxoaren 11n taula zuzendariak pertsonaiak eta karguak banatu zituen.

"Joanikoten" pertsonaia Eric Alçaceberen esku gelditu da. Azken horrek Santa Grazi pastoralean parte hartu zuen. Halaber, "Kanberoa doble" antzerkian antzeztu zuen ere. Berarekin batera, besteak beste, Pascale Elichondeborde-Aramburuk Maria de Hostaren pertsonaia antzeztuko du, "Joanikoten" emaztea. Pastoralak berak garaiak bizitakoa azalduko du. Maria de Hosta jatorriz Tiebasekoa zen arren, Baionara ihes egin behar izan zuen pertsekuzioak direla eta. Tragedia historikoa, baita pertsonala ere.

Ikusgarriak hemezortzi agerraldi dauzka. Hamahiru kantu entzuteaz gain, dantza sorkuntza bat ikusten ahalko da ere. Aurtengo berezitasunetariko bat da ez dagoela ezta apaizik eta aingerurik ere ikusiko taula gainean.

Historia berreskuratu

Nafarroako konkistaren urtemugaren karietara, pastoralak historiaren zati bat azalduko du. Hain zuzen, herrialdeak bere independentzia galdu eta berreskuratu zuen unea aipatuko du. Joana Etxart historialariak idatzitako istorioak bi familien arteko drama aipatuko du: Beaumont eta Albret familiena. "Antton Curutcharry eta historialari nafarrek idatzitako obrak irakurri ditut eta horri esker historia espainiarraren beste ikuspegi baten berri ukan dut", erantsi du Etxartek. 

Bere erranetan, Joanikot pertsonaiaren bitartez Nafarroak bizitako tragedia ezagutu du. "Pertsonaia konplexua zen. Hasieran Beaumont armadaren kapitaina izan zen eta ondoren, Castillako Ferninandekin aliatu zen", kontatu du.