Kazeta

Poliziaren esku utzi dute armen kokapenari buruzko informazioa

Ram Mannikalingam Nazioarteko Egiaztatzaileen batzordeko presidenteak informazioa baieztatu du Baionako herriko etxean antolatutako agerraldian. Bakearen artisauek zortzi zuloen lokalizazioa jakinarazi diote taldeari. Azken horrek xehetasunak pasarazi dizkio poliziari.

Ehunka kazetari hurbildu dira Baionako herriko etxean antolatu duten agerraldira. Goizeko 09.00ak aldera, Jean-René Etchegaray hiriko auzapeza, Ram Mannikalingam Nazioarteko Egiaztatzaileen batzordeko lehendakaria, Txetx Etxeberri bakearen artisaua, Michel Tubiana Giza Eskubideen  Ligako Ohorezko presidenteak eta Matteo María Zuppi Boloniako artzapezpiku ekitaldi instituzionalera ailegatu dira.

Arma eta lehergailuen kokapenari buruzko informazioa jaso dutela baieztatu du Nazioarteko Egiaztatzaileak. Hain zuzen, iturri judizial baten arabera, zortzi zuloei buruzko informazioa eskaini diote batzordeari. Informazio trukaketa apirilaren 8ko goizean iragan da Baionako herriko etxean. Agerraldian parte hartu dutenak goizeko bilkuran presente zeudela erran du presidenteak.

Baionako auzapeza hitza hartu duen lehena izan da. Europako azken gatazka armatua dela nabarmendu du. "Bukatzeko garaia da", azpimarratu du. Aieteko Deklaraziotik bost urte pasa direla oroitarazi du.

Mannikalingamek lehen hitzak euskaraz erran ditu: "Guretzat ohore bat da hemen egotea eta prozesu honetan laguntzea". Nazioarteko Egiaztatzaileen batzordearen sorrera gogora ekarri du. 2011ko irailaren 28an sortu zen ETAren borroka armatuaren bukaera egiaztatzeko. Geroztik, instituzio eta gizarte zibilarekin erakundearen desarme ordenatu baten alde lan egin dutela erran du.

"ETAk borroka armatua bukatzeko engaiamendua bete du", gehitu du egiaztatzaileak. Batzordeak 2014ko urtarrilean armen parte bat zigilatu zuela azaldu du. "Desarmearen lehen pausua izan" zela dio. 2017an Nafarroako Parlamentua baita Eusko Jaularitzak batzordearen funtzioa berretsi zutela aipatu du Mannikalingamek.