Erik ETXART

Iparra

IRITZIA- "Iparra" hitzaren konnotazio anitzetik abiatuta, Euskal Elkargoaren sorreraz hausnartu du Etxartek. Halaber, "oraino luzaz" erakundeetatik kanpo egin beharreko lana aipatu du.

Erik Etxart iruditan.
Erik Etxart iruditan.

Badira hitz batzuk erran-nahi eta konnotazio anitz dutenak, horietarik bat da ‘iparra’. Gure aldeetan iparra hotzarekin, neguarekin lotzen dugu, eta uda berriz beroarekin, eguzkiarekin, udarekin, oporrekin... Baina iparra noranzkoa ere da, zeina naturan gidatzeko erabil baitezakegu, iparrizarrak markaturikoa aspaldidanik eta geroztik iparrorratzak.

Euskal Herrian, nazio modernoaren kontzeptua sortu zenean, aitzinetik Euskal Herri kontinentala ginen hiru probintziak (edo Frantses Euskal Herria) Iparraldea bilakatu ginen, menean ginduzkaten estatuen arteko mugaren iparrean ginenaz gain. Eta ez dakit ipar adjektiboa hartu dugunez geroz den baina badirudi geroztik eguraldi hotzagoa dugula hemen beste lau probintzietan baino eta hemengo pertsonak aroa baino are hotzagoak garela. Hots ipartar garela zentzurik txarrenean.

Iparreko izatea ez da haatik beti eta orotan txarra. Ipar hemisferioa aberatsagoa omen da hego hemisferioa baino, eta Ipar Europa dugu Europaren iparrorratz, babes sozial hobea, ekonomia lehiakorra eta gainera politikari eta hiritar arduratsuagoekin.

Ez genuen guk ere beraz gure irudia hobetzeko itxaropena galdu behar. Eta hara non azken urteetan iparraldekoak (bikingo garaikideen gisa) hozkaz goiti joan garen, EHaren eredu eta iparrorratz agertzeraino. Hala diote bederen politikari eta analista batzuek, ikusiz nola gure politikariak (Hegoaldean ez baita holakorik), ezkerretik eskuinerat, eta Baionatik Santa-Grazirat, bat eginik doazen, bake prozesuaren, presoen eskubideen, euskararen, eta gobernu lokalaren alde. Hots abertzaleak baino abertzaleago kasik. Eta izanen da zerbait, ez naiz HELEPa erdiestea gutxiesten hasiko ikaragarriko urratsa izan baita.

‘Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau’ ordea.

Iruditzen zait halere, abertzaleek, oraino luzaz, itxurak itxura, lan handiagoa egin beharko dugula erakundeetarik kanpo, erakundeetan baino. Gure iparraldeko xoko hau oraino baita lurralde hotza euskararendako eta gure herriarendako. Aukera gehiago baitugu desagertzeko irauteko baino. Hobe beraz lehen bai lehen berreskura bageneza burujabetasunaren utopia… guttienez nahi badugu Euskal Herriaren ‘ipar’ izan eta ez Frantziaren ‘hego’ huts.