Iurre BIDEGAIN

Beharrak sorturiko zurezko harremana

Gutik Zura.
Gutik Zura.

Hari bera segitzen dute Jon Maiaren lanek. "Gutik Zura" azken lanak berriz ere identitateari buruzko hausnarketari ateak ideki dizkio. Beste hiruek bezala, ikuslea ispilu aurrean jarri eta euskal gizartea hobeto ezagutzeko parada eskaintzen dute bertsolariaren lanak.

Aldi honetan Hego Euskal Herriko oihanetara eraman gaitu Maiak. Oihan horiekin lotura izan duten pertsonen bizipenak pantailara eraman ditu. Oihanak eragiten dizkien sentimenduei ahotsa eman die.

Urteetan zehar oihanaren eta euskaldunen arteko harremana nolakoa izan den erakutsi du. Zuhaitzen adarrak bezala, funtzio anitz bete ditu zurak euskaldunen bizian. Zura kozinatzeko. Zura euskal kantuek alaitzen duten giroa berotzeko. Zura kurritutako bidean lagun izateko. Zura itsasoko olatuei aurre egiteko. Zura euskal kulturaren ikur bilakatzeko. Zura melodiei doinua emateko.

Harreman horien gora beherak plazaratzeaz gain, zuhaitzen itzalpean gelditzen diren beste kontuak mahaigaineratu ditu Maiak, isilean. Dokumentalean agertzen diren bi emazteek aizkorarekin duten trebetasuna basoko itzalean gelditu da urteetan zehar. Maia berak erran bezala, trebetasun hori ez da inoiz plazara ailegatu. Genero ikuspegia kamera aitzinean jartzen duen gisa berean, zuzendaria migrazioaren gaiari lotu da. Orain dela ehun urte zuhaitzen artean zeuden euskaldunek atzerritik etorritakoei lekukoa pasa diete.

Esperientzia guzietan sekretu bera atzematen du filmak gizartea eta oihanaren artean: beharra. Oihanaren funtzio horiek beharretara egokitu dira. Eta ez beharrak oihanera. Bertsolariak dioen gisan, “gizakiaren beharrak egokitu ditugu basora eta horien arabera paisaia aldatu da”.

Harreman horretan talka bat sor daiteke. Norberaren interesa eta ingurumenaren aldeko defentsa. Gizartea eta oihanaren ametsen arteko lehia. Baina dokumentalaren protagonista batek bere buruari galdetzen dion bezala: "Zuhaitzek amets egiten dute? Ametsak sortarazten dituzte behintzat".