Kazeta

Urvoas eta Touraine Ministroei Oier Gomez askatatzea aldarrikatu die Bagoazek

Bagoazek Jean-Jacques Urvoas Justizia ministroa eta Marison Touraine Osasun ministroa interpelatu ditu Oier Gomezen egoera salatzeko. Gaixorik dagoen euskal presoa askatzea aldarrikatu die eta bide batez, Estatu frantsesa bake prozesuan engaiatzea eskatu die.

Bagoazek Oier Gomez euskal preso politikoaren egoera salatu du Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Bagoazek Oier Gomez euskal preso politikoaren egoera salatu du Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Otsailaren 10az geroztik Oier Gomez ospitalean dago. Urgentziaz egindako ebakuntzaren ondoren, biopsiaren emaitzen zain daude. Bere abokatua den Clara Rougetek bere kondena eteteko eskaera aurkeztu zuen otsailaren 7an. Bagoazek Gomezek pairatzen duen egoeraren berri eman die gutun bidez Jean-Jacques Urvoas Justizia ministroa eta Marison Touraine Osasun ministroari. Bere askatasuna ahalbidetuko duen erabakia espero duela nabarmendu du kolektiboak.

Egoeraren larritasunaz jabetu eta, erietxera eraman zuten Gomez. Eskuburdinak esku eta hanketan jarrita zituela eraman zuten Meauxeko erietxera eta soilik eskanerra egitean askatu zizkioten hanketakoak. Bagoazek emaitzen zain den arren, orain arte egindako ikerketek minbizia pairatzen duela erakutsi luketela dio.

Gobernuari helarazitako gutunean Euskal Herriko gizartearen borondatea "argia" dela azpimarratu du. Estatu frantsesari bake prozesuan engaiatzea aldarrikatua izan zaiola azaldu du. "Oierren kondenaren etetearen kontra doan erabakia, oinarrizko giza eskakizunen kontra joateaz gain, Euskal Herrian adierazitako eskaeraren kontra joko luke ere", erantsi du. Ildo horretatik, Oier Gomezek bere osasun egoerari egokitutako artamendua jaso ahal izateko "berehala askatua izan dezan" fermuki galdegin du.