Kazeta

Dispertsio politikaren biktima berri bat

Mari Carmen Anzak sei ehun kilometro zeharkatu zituen erditu berri duen alaba bisitatzeko Valentziako presondegian. Bertan zegoelarik gaizki sentitu zen eta ospitaleratu behar izan zuten. Etxeratek aburuz, dispertsioaren politika "euskal presoen eta beren senideen kontrako presioa areagotzeko tresna" bezala erabiltzen dute.

Dispertsioaren kontrako elkarretaratzea Bilboko herriko etxean. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Dispertsioaren kontrako elkarretaratzea Bilboko herriko etxean. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Etxeratek azaldu duenez, Mari Carmen Anza Valentziako ospitalean dago urtarrilaren 20az geroztik. Bere alaba Olatz Lasagabaster euskal preso politikoa erditu berria zen eta bisita egitera joan zen. Erietxean bisita egiten ari zela, ondoezik sentitu zen emakumea eta ospitaleratu egin zuten, egoera larrian, biriketako minarekin. Azken orduotan hobera egin du, "egoera larria izanik ere", Naiz atariak azaldu duenez.

Presoen senideen elkarteak ohar batean salatu du salbuespeneko kartzela politikak Olatz Lasagabaster eta bere senitartekoengan eragiten duen sufrimendua. Bere etxetik 600 kilometrora dago usurbildarra, Picassent-en, eta alaba "bere inguru afektibo eta familiarretik urrun izango da". Haurraren aitak –hura ere presoa–, gainera, ez du alaba ezagutzen oraindik.

Etxeratek adierazi du Mari Carmen Anza alaba eta biloba ikustera joan zela, elurra ari zuela, "oso bidaia korapilatsua eginez". Orain, emakumea ospitalean dagoela, "berarekin egoteko eta medikuekin hitz egiteko, senideek, berriro ere, urruntasunak eragiten dituen zailtasunak gainditu beharko dituzte".

Hau guztia ez da Lasagabasterren espetxeratzearen ondorioa, kartzela politikak "euskal preso politiko eta haien senide eta lagunen kalterako zigor erantsi gisa aplikatzen duen urruntasunaren eraginarengatik baizik". Eta horren ardura zuzena "Gobernu espainiarrari dagokio", erantsi du.