Leonie AGUERGARAY

Hunki jin Euskal Herrialat!

Muskildiko auzapezak INSEE zentroak egin duen ikerketa bati buruz gogoetatu du. Lanak baserrietako guneetan 1999etik 2007etara urtero jende kopurua emendatu dela dio. Aguergarayk Xiberoko egoeraz hausnartu du. Hala nola, eskualdera etorri direnek euskaraz zer dioten azaldu du.

Leoni Aguergaray iruditan.
Leoni Aguergaray iruditan.

Düela 3 hilabete, herriko etxetarak heltzen den "Maires de France" kasetaren artikülü baten izen bürüak zen "Baserrietako eskualdetarat, bizizale jinarazteko". Orokorki, INSEE–ren ikerketaren arabera, baserrietako güne gisa ekarririk diren 18.500 herrietan, 1999etik -2007 ealat, urte oroz, jente kopürüa goratü da 75.000 jenteez. Emendatze hori %0,7az izan da urteka. Ber epean, herri handietan %0,5eko izan da. Beraz, üdüri lüke jenteak herri handietarik baztertzen direla.

Artikülü horren arabera, gure baserri günetarat jente jinarazteko 5 adar nausi lantü behar dira:
    - Gure  nekeziak zoin diren ikusi: zertako jentea joaiten den, adibide zonbait emaiten dütü: bide handietarik hürrün, heri nausietarik oso bazter, indüztria lantegi zerratze
    - Gure abantailak agertarazi: egoitzak merkeago, bizi kalitatea, kanpozabaletarik hüillantarzüna, edo zoin saileko elkarteen ekarpena, herrielkargoen dinamika berheziki ofiziale eta induztria lantegi eremü eraikitzean, lantegi bermatze güne eskentüz ekonomiko sailian abiatü nahi direner; edo internetez lan egiteko zentro eraikitzez, baldintza hoberenetan lan egiteko (konekzione honak, bilküra gela, formaküntza…)
    - Zerbütxü eta komerzioen zaintzea: haurzaintegi, eskola, osagarri saileko ofizio desberdin, pizina…   
    - Legarren heinaren apaltzea
    - Herriko  etxeen  egoitzer bürüzko politika: saltzen diren lürren prezio apalean eskentzea, ekologiko maneran eraikirik diren egoitzen eraikitzea.

Beraz, hainbeste ürteetan ezagütü dügün herri hüstearen alderrantzizko mogimentü bat abiatürik balizate. Ipar Euskal Herriko baserrian ez da hainbat holakorik ageri, kostaldearen eta aldebarneko herrien arteko desorreka beita geihenik ikusten.

Düala aste zonbait, Aldudeko Balea Beti Bizirik, Base Nafarra eta Xüberoko hainbat hautetsi, gizarte zibilako eragin eta elkarteek gogoeta zabal bat eraman düe algarrekin. "Nola batzarri egin gure esküaldetarat bizitzerat jiten direner?". Kanaldüden lagüntzarekin Alduden eta Gotaine Irabarnen antolatürik izan diren filma/eztabada gaüaldiek erakasi deiküe, jakilegoa hanitxen bidez, honarat bizitzerat jiten direnek zer preziatzen düen. Entzün dügü: kanpozabaleen pausüa eta kalitatea, lürrari hüillan eta haren errespetüz hazküntza edo laborantxaren joanarazteko manera, aüzoen eta jenteen arteko kalitatezko harremanak. Izan adindün, beren erretreta denborako  honarat  jinik, edo  lanean ari zirenek, bakotxak bere jakilegoa eman dü. Oso baikorki  beren  haütüa ontsa esplikatü düe.  

Horietan, zonbaitek, euskararen ikasteko üken düen plazera ere jakinarazi deiküe. Gogoan düt emazte bat, "Euskal herrialat jin nizanez  gain, euskararen ikastea  egin beharretan ezari düt" zion erri eder batekin. Eta gaü eskolarekin bere helbürüa lortü dü. Beste batek zion kantatzea zinez maite züalakoz, kantari talde batetan sartü zela, edo beste zonbaitek, kirol edo kültür elkarte batetan parte hartzen diela. Egiaren erraiteko, bakotxak heben, bere bizi ekilibrioa ediren züala argi zen.

Horik entzünik eta ikusirik, ikertü nahizan düt, Xiberoalat bizitzerat jin diren zonbaitek euskaraz zer zioien. Xüberoko 2 ikastoletan, 150 bat haur bada. Horien bürrasoetan, hunarat bizitzerat jinik, eta oso  erdaldün diren 9 bikote bada. Beren lehen haütüetan: haurrek euskara ikas dezen, balorre horri funtsekoa beitzaien, heben bizitzeko. Beste 6 bikote badira, edo aita edo amak euskara ez jakinean, eta ber haütüa eginik. Euskararen ikastea, familia horietan xede naüsi agertzen da. Gaü eskolak dütuan 70 ikasleetan, bürraso horiek ikasle talde bat egiten düe. Ez da düdarik, haütü horien bidez, haurrak eta bürrasoak ezagütze  eta harreman sare batetan biziko direla urte zonbaitez: ikastolako bizia, pastex egite, pastoral apaidü... Herrian integratzeko eta  euskaraz bizitzeko! Eta, berantago agian, kolegio, lizeo eta beste formakuntza egitez,  haur horiek beren lan bidea Euskal herrian eginen düe.

Euskararen eta herri biziaren  berpizteko seinale dügü ere pastoral eta maskaradaren üngürüan. Ikustez mintzajearen gibelapena, gazte taldeek antolatzen dütüe eüskarazko kursoak, zonbaitek lehen ürratsak egin detzen eta besteek hobekixigo erabil dezen. Hola izan da adibidez Idauze Mendi, Ezpeize, Atarratze eta Barkoxen. Euskararen hedatzeko, ber nahiküntea agertzen da  AEK- eren lagüntzarekin, ospitale, herriko etxe, edo zoin nahi lantegietako langillek formakuntza egiten direlarik. Ber helbürüarekin: herritarrer zerbütxü hobe baten eskeintzea, euskaraz. 

Adibide horien bidez, euskara agertzen da herri biziari josirik, eta gure gizarteko  harremanenen  lotüra. Xalbadorrek zion bezala "Herria da gorputza,eta hizkuntza bihotza". Euskara, gure herri aberastarzüna partekatü nahi dügü ere, gure eskualdealat bizitzera jiten direnekin!
Udüri zait artikülu hatsarrian aipatü 5 püntüak bai hautetsiek, bai eta hebenko bizizaleek geihienek gogoan dütügüla. Gure garrapena, gure eskü dela ere badakigü. Herri elkargoa bakotxa sortzen da urte berriarekin, hortan ere gure nortarzüna, eta berhezitarzünak berme, garrapen bideak jarraiki behar dütügü.

Eta aipatü kasetak, nekezia gisa emaiten balinbadü bide handietarik hürrün izatea, orit gitian Arrasate- Mondragonen sortü zela 1955 ean mündüko kooperatiba handiena. Jose Mari Arrizmendiari, 38 urteko apezak builtarazirik, teologia eta euskara zütian bere biziko indarrak. Eta segür, ez zen otopistarik lantegietarat heltzeko! Orhit gitian ere, heben, 2X2 bidearen  kuntre zer oldartze izan zen, eta  nahi ez dügün mündü osoan agertzen den  laborantxako "beti haboro , beti  handiago" modeloaren ondoamen latzgarriak: kozadüra, ibenztizamentü ezin garraitüzkoak, peko errekalatze, kabale konzentrazio handiek emaiten dütüan min berriak etabar, hots ezin bizia!

Herrialde bakotxak  badütü bere aberastarzün. Gure  ekarpen ederrena lizateke Euskal Herrian  üken dügün hontarzün kolektiboaren  zaintzea eta hobetzea, ondokoer helarazteko. Heiek ere goza ditzen, eta jarraikaraz. Desberdintarzüna da omen mündüko aberastarzüna. Beraz, zain ditzagün gure desberdintarzünak, "clones"- en mündütik hürrün, eta gure baloreak parteka ditzagün ere  gure artealat bizitzerat jin nahi direnekin.  Euskarak badü ere horien süstengüaren beharra.

Bai, hunki jin, algarrekin, badügü zer egin!