Asmoz eta jakitez
IRITZIA- Etxartek aitzinamenduei buruz gogoetatu du. Horretarako, teknologia berriek gizartean bultzatu dituzten eraginak adibidetzat hartu ditu.
Teknologia berriek hartu oldar eroarengatik, kontsumokeria ezin kontrolatuarengatik, klima aldaketarengatik, beti nonbait berpizten den gerlarengatik eta gaineratekoengatik, gero eta gehiago gara kezkaturik... egoeraren zuzentzeko aterabiderik atzemanen ote den ala humanitateaz osoki etsi behar ote den.
Oro har gure burua ezkertiartzat dugunek pentsatu izan dugu elkartasunak, askatasunak, zuzentasunak eta berdintasunak izan behar dutela gure balio nagusiak, hori izan dugu asmo politiko nagusi. Baina susmoa dut balio horiek bakarrik ez ditugula aski eta ahantzi dugula zientziek (alor guzietakoek) eta tenika berriek ikaragarriko aitzinamendua ekarri digutela historian zehar. Argiago errateko: aitzinamendu materialarena bakarrik ez, baizik eta aitzinamendu sozial, politiko, filosofiko gehienen iturria gizon-emazteek garatu dituzten jakitateetan datzala edo horien ondorio bederen direla.
Orain berriz iruditzen zait, batzuetan jakitateak eta zientziak bekatu guzien sorburu gisa ikusten hasi garela. Eta iragana beti ederrrago ikusten dugula, beti idealago oraina baino. Eta nola ez gogora juduen Jainkoak Adam eta Eba ere paradisutik kanporatu zituela jakitatearen sagarra janik, eta katolikoek jarraiki zutela bide beretik Galileo kondenatuz eta halako beste zenbat ?...
Gehiago jakiteak beldurra sor dezake, gure segurtamenak arrailtzen dituelako, gure ohiturak inarrosten. Eta arriskua ere sortzen du kaltea eta mina areagotzen lagun dezakeelako. Baina jakintza beti izanen da jakintza eza baino hobea, humanitatean sinesten badugu. Eta gogoeta harago eramateko hona aspaldiko goiburua: txikiak handia benzi leidi (garai lezake), asmoz eta jakitez.
Culture
Arrakastaz itzuli dira haur kantu txapelketak
Basque Country
Apirilaren 22tik 28ra Euskaldunon Harrotze Astea eginen du EHEk
Economy
Marieniaren kontrakoek Kanboko herriko kontseilua blokatu dute
Basque Country
Frantziar Hezkuntza Ministerioan zuen bilkuratik joan da euskal ordezkaritza erantzun ezagatik
Basque Country