Kazeta

"Zirkorrika", 20. Korrikaren kantua aurkeztu dute

Martxoaren 30ean abiatuko den 20. Korrikaren kantua plazaratu dute. "Zirkorrika" deitu abestian Euskal Herriko hainbat artistek parte hartu dute. Horien artean, Ipar Euskal Herriko Willis Drummond taldeko Jurgi Ekiza.

Otxandio eta Iruñea lotuko dituen Korrikaren kantua aurkeztu dute Iruñean abenduaren 14ean. Martxoaren 30ean abiatu eta apirilaren 9an bukatuko da 20. edizioa. "Zirkorrika" izenburua duen kantuan Euskal Herrriko artista anitzek parte hartu dute.

Zirko giroan dator Korrikaren 20. edizioko kantua eta bideoklipa. Uxue Alberdik abestiaren hitzak idatzi ditu. Xabier Zabalerta moldaketetaz arduratu da. Izaro, Oihana Fernandez, Jurgi Ekiza, Miren Narbaiza eta Pettik ahotsa eman diete hitzei. Metalak Iruñeko Jarauta 69 txarangarenak dira eta Oreka TX taldeak ere parte hartu du.

Abestiaren grabazioa, nahasketa eta masterizazioa Kaki Arkarazok egin ditu eta Harkaitz Martinez de San Vicentek lana zuzendu du. Bideoklipari dagokionez, Hiru Damatxo Ideia Faktoriak egin du. Mikel Fernandez aritu da kamera lanetan eta zirko-artistak Ilargi berdea, Sanset Freerun eta Asvinenea arte eszenetikoen laborategiko kideak izan dira.