Kazeta

Bernat Etxepare lizeoaren aldeko sagardi itsasuarra

Itsasuko Herriko Etxeak "Hazten gaitu, hazten dugu" kanpainarekin bat egin du. Hemeretzi sagarrondo erosi ditu, sagardi bat landatzeko herrian. Seaskak Ipar Euskal Herriko herriek antzeko desmartxa burutzea espero du.

Orotara 242 erosleek beren erabilerarako sagarrondoak eskuratu dituzte. ©Bob EDME
Orotara 242 erosleek beren erabilerarako sagarrondoak eskuratu dituzte. ©Bob EDME

Bernat Etxepare lizeo berriaren aldeko kanpainak sostenguak pilatzen ditu. Irailean diru bilketaren egitasmoa aurkeztu zutenez geroztik, anitzek bat egin dute. Horietako azkena Itsasuko Herriko Etxea da. Ekipamendua diruztatzen laguntzeko Herriko Etxeak hemeretzi sagarrondo erosi ditu. Herriak dituen hautetsien kopurua bezala. Sagarrondoekin sagardia landatuko dute Itsasun.

Roger Gamoy herriko auzapezak Itsasuk euskararekiko duen engaiamendua nabarmendu du. Elkartasun hori beste herrientzat eredugarria izatea nahiko luke Seaskak. Estelle Gogni kanpainaren koordinatzaileak azaldu duenez, Ipar Euskal Herriko hamar bat herri harremanetan sartu dira. Mementoz ez dago ezer ofiziala.

Kanpainari esker 300.000 euro lortu nahiko lituzke Seaskak. Mementoz, kopuruaren %10 eskuratu duela aipatu du. Orotara 242 eroslek beren erabilerarako sagarrondoak eskuratu dituzte. Beste 300 eroslek, ordea, Baionan landatuko duten "Euskararen sagardirako" beren laguntza ekonomikoa eskaini dute. Oraindik ez dago zehaztua sagardiaren kokapena, Herriko Etxearekin eztabaidatzen ari delako.

Sagarrondo bakoitza 30 euroren truke eros daiteke. Kanpainarekin bat egin hemen.