Ttitto BETBEDER

Aie Aie Aie Kamarada, nola aldatu(tzen)(ko) diren gauzak…

IRITZIA- Betbederrek bere lehen ekarpenean ondorengo galdera pausatu du: "Euskal Herri baten kontzeptua (eta hasiz kultura arloan, politikoa aipatu gabe) aitzinatu ote dea? Edo aitzinatuagoak ginen 'lehen'?".

Ttitto Betbeder iruditan.
Ttitto Betbeder iruditan.

Eskaini izan zidan solasgune berri honi hautatu diodan izenburuak ongi laburbiltzen du azken hilabete/urte horietan dudan sentsazioa : "transizio" garai batean girela (beste garai batzutan "bidegurutze" deitzen genien egoera horiei ere), politikoki, soziologikoki, euskalgintzan…; sobera jakin gabe norat goazen eta nola joan behar dugun. Azkenean, garai aproposa galderak botatzeko (eta azterteko agian): gauzak aldatu behar direa, aldatu dira, nola aldatuko, nahi dugu, beharrezkoa da…? Hobeki zen "lehen"? Badakizue Barnekaldean usutan entzun dugun "ah oraiko gazteak…!" erranaldiak ongi laburtzen duena, "lehen" horrelako paradisu galdu bat balitz bezala.

Berpiztu zait gai hau Maddi Ane Txoperenak Berrian idatzitako iritzi bat irakurtzean. (http://www.berria.eus/paperekoa/1922/015/002/2016-11-02/distantziak_ii.htm). Laburbilduz, Maddi Anek kondatzen zigun nolaz bere Lesakako lagunentzat errexago, naturalago den Iruñera poteatzera joatea, eta zein urruti dagoen Sarako gaztetxea. Mugak hor, mugak han, nola muga horiek eraiki diren, eraikitzen ditugun, eta elikaten ditugun. Gai sakona. Hendaian entzun ohi dugu "espainolak" Gipuzkoarrentzat, eta zenbat aldiz ez dugun entzun gure "anai-arreben" ahoetan, eta usu euskaraz gainera, "ah zuek Frantsesak" eta izan dadin Bizkaiko Durango batean edo Elizondon bertan.

Mugaren/Mugen gaia sakona baino konplikatua da, eta dudarik gabe, konplituagoa zaigu guri euskaldunei. Konplikatua zeren eta aldakorra baita; pertsona batetik bestera bistan dena bai eta denboran ere. Beti orroituko naiz nire gazte denboran, nola entseatzen nintzen nire herriko lagunak konbentzitzen Mauleko ikastolak antolatzen zuen dantzaldia, Lapitxuri baino hurbilagoa genuela; eta ber denboran, nire buruan (eta barkatuko naute) Aiherrako lagunak pixkat kritikatzen Hegoaldera joaten bait ziren jaietara eta ez auzoko herrietara; eta hiru urte berantago, ni izateko Aiherrako lagunen kasuan, eta nahiago izan Lekeitiora joan ez eta Armendaritzera. Mugak hor, mugak han, baina mugak mugitzen ere denborarekin.

Orroitzapen eta anekdota horiek bazterrean utziz, Maddi Aneren iritziak galdera hau piztu du nire baitan: azkenean, aitzinatzen ote girea? Sortu diren dinamika guzi horiek, hainbat lan, oren eta oren bilkuretan, proiektuetan, sakrifizio, negar bai eta irri ere... Euskal Herri baten konzeptua (eta hasiz kultura arloan, politikoa aipatu gabe) aitzinatu ote dea? Edo aitzinatuagoak ginen "lehen"?

Atal honetan, eta dudarik gabe ondoko artikuluetan ere, aipatuko dizuet dudan zaletasun bat (dituztan zaletasunetarik bat), historiarekiko, eta batez ere genealogia eta estatu zibileko aktak ikertzea (NB, bai, bakoitzak bere aisialdiak!). Nire Herriko (Baxe Nafarroko Donamartiri) parropiako eta estatu zibileko aktak zerrendatzen ari naizenez, hainbat altxor atxeman ditut; eta hastapeneko gaiari iztuliz, adibide batzuen emateko:

- 1714an Martin de Goicueta zendu da Larrartea etxean (argi da nundik etortzen zen)
- 1726an hiltzen da Iruñean, Valentin de Alzurrun, errege-notarioa – Alzurrun etxe honetako asko errege-notario izan dira hainbat urtez Nafarroko Gorteetan, Iruñean baita Erriberrin (NB: Donamartiri-Iruñea = 110 km).
- 1792: Garra Salagoity apezak ihes egiten du eta Bera de Bidasoan plantatzen da
- 1852an hiltzen da Pedro Ciaurriz Alzurrun (berriz) etxean – karlista nafartarra
- 1879: Jacques Lagrenade Donamartiritarra arno saltzailea da Aoizen Nafarroan
- 1898an hiltzen da Jose Maria Mugica Donamartirin, Altsasun sortua

Horrelako beste adibideak badira 300 urtez. Badirudi hainbat urtez naturalki egiten zirela harremanak Nafarro urrunarekin. Ber epealdian alta, ezkontzen %30 baino gehiago egiten ziren sortzez ziren Donamartiritarren artean, eta %80a baino gehiago Donamartiritar eta sortzez auzo herritar baten artean (Arberoan ibarrean nagusiki hots). Mugak hor, mugak han.
Beraz, hasteko gogoetatzen, "lehen" baino hobe?