Idoia ERASO

"Francoren bilobari gutuna", zauriak agertu eta sendatzeko bidea erakutsiko duen antzerkia

Dejabu Panpin Laborategia, Artedrama eta Le Petit Theatre de Pain taldeak elkarlanean sortu antzerzala estreinatuko dute urriaren 31n Luhuson. "Francoren bilobari gutuna" mina agertu eta sendagaia izan nahi duen ikusgarria da.

Maiatzera arte emanaldiak programatuta dituzte. ©Isabelle Miquelestorena
Maiatzera arte emanaldiak programatuta dituzte. ©Isabelle Miquelestorena

"Frankismoak utzi zituen aztarnak aztertzen ditu, memoria historikoa berreskuratzeko bidea. Gertatu zen historia da, baina baita gaur egungo ondorioak ere", azaldu zuen Artedramako Ander Lipus aktoreak antzezlanari buruz. "Traumatismoari nola erantzun" dakiokeen gogoetatzen duen obra ere bada Manex Fuchs Le Petit Theatre de Paineko aktorearen aburuz.

Elkarlanean gauzatutako proiektuan, xede horrekin idatzi zuten gidoia Unai Iturriagak eta Igor Elortzak. Testuari "eman dioten mintzoa oso interesgarria" dela nabarmendu zuen Lipusek, eta gaineratu, honen bidez "publikoari ezinbestekoa zaion imajinarioa" ematen dutela. Ildo beretik, Ximun Fuchs zuzendariak esan zuenez, "antzerkiaren funtzioa galderak pausatzea da, eta gure obrakoak bereziki mingarriak dira".

Memoria historikoaren berreskurapenaren gaia gizartean puri-purian dagoen momentuan "Francoren bilobari gutuna" antzezlanak "memoria herrikoiari" begiratzen dio, hau da, "nola transmititu den familietan". Alde horretatik, Dejabu Panpin Laborategiko Urko Redondok antzezlanean "gertaera transgenerazionalari garrantzia" ematen zaiola nabarmendu zuen, horrek memoriari egiten dion ekarpena agerian utziz.

Gaiaren gogortasuna kontuan izanik "goxotasuna" helarazi nahi izan dutela azaldu zuen zuzendariak, "antzezlanak lantzen dituen gai minberak eta mamuak goxatzeko". Bide horretan, obraren bukaeran "zauriekin exorzismo bat" egiten dutela azaldu zuen Lipusek: "Gurekin ez diren min horiek ateratzen ditugu garbiketa egiteko, dantza baten bitartez".

Tobera

Epaiketa gisa ere har daitekeena, "tobera bat balitz bezala" egina izan dela esan zuen Artedramako aktoreak. Baina ez diktadoreari berari eginikoa, Manex Fuchsen arabera: "Ez da Francoren kontrako epaiketa bat, eta ez da bakarrik Hegoaldera zuzentzen. Antzerki honetan zazpi probintzietan entzun ahal diren istorioak agertzen dira".

"Ez da norberaren drama, baizik etnia baten inguruan den tragedia". Ikuspegi horretatik norbanakoekin psikologoek egiten duten lana kulturaren bitartez egitea proposatzen du Ximun Fuchsek: "Kulturak dituen tresnak sendatzeko erabili, amesgaiztoei begiratzeko".

Ametsak eta memoria bezala, obra ez da lineala. "Neurologiaren sistemak errepresentatzen saiatzen gara, memoria kolektiboa da, amesgaizto bat bezala. Aldi berean gorputz bat badu, osotasuna lekuak egiten du, ospitaleak", azaldu zuen zuzendariak. Agertokian ematen den koreografian, aktoreak, eta une horretan bakoitzak berarekin daraman pertsonaiak, alde batetik bestera mugitzen dira korridore, kafetegi, gela... edo iraganeko oroitzapenetan barrena.

Osasun zentroan egungo gaixo eta medikuek garai bateko eri eta mamuekin egiten dute lan, itxarongelan sekula agertzen ez diren pazienteen izenak entzuten dira, eta Carmen Martinez-Bordiuren argazkiek betetzen dituzten prentsa arrosako aldizkarien azalak ikusten.

Aurreko egitasmoetako protagonistekin batera aktore berriak ere badira: Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Pako Revueltas eta Erika Olaizola. Zazpi dira aktoreak, baina hamarnaka beraien aurpegietan atzematen diren pertsonaiak.

Bitartekaritza

Euskal gizartean antzezlanak jorratzen duen garai historikoan lan egiten duten eragile aniztasuna baliatu, eta bitartekaritzan indar berezia ematea deliberatu dute. Elkarlana sustatuz edo horren inguruan kokatuz.

"Elkarte askorekin lan egiteko xedea dugu, ikuskizunetik abiatu eta ikasleekin harremanetan sartzeko bidea asmatzeko. Jakin-mina piztea dugu helburu, historiari aurpegi bat ematea, eta kontakizun biziekin, gaur egungo giltza batzuen ulermena ahalbidetzea", baieztatu dute antzezlanaren sortzaileek.