Iurre BIDEGAIN

Canyoning, mugarik gabe

Bada hamar urte Bidarraiko Arteka enpresak canyoning aktibitatea Luzaideko Txapitel errekan proposatzen duela. Gisa horretako kirolen arriskua herritarren eta enpresen arteko elkarbizitza da. Artekaren kasuan, bertan jarduera garatzearen truk zerbait eskaini nahi dio Luzaideko herriari. "Hartu-emanaren" izpirituan oinarritzen da.

Paisaia paregabeak eskaintzen ditu Luzaideko Txapitel errekak. DR
Paisaia paregabeak eskaintzen ditu Luzaideko Txapitel errekak. DR

Azken hogeita hamar urteetan aisialdirako kirolek etengabeko garapena bizi dute. Bidarrai garapen horren erakusleihoa da. Gaur egun, 645 biztanle inguru dituen herrian, ura eta lurrarekin lotutako aktibitateak eskaintzen dituzten zazpi enpresa daude. Haien eskaintza eremua Bidarraiko mugetatik haratago doa. Bada hamar urte Arteka enpresak Luzaiden (Nafarroa), hogeita hamar kilometro ingurura, canyoning kirolaz gozatzeko parada eskaintzen duela.

"Gaur egun, aktibitate mota horien arazo nagusia elkarbizitza da. Lehen, artzainak baizik ez ziren baina gaur egun mendian 'erabiltzaile' gehiago daude, hala nola, trail lasterketak, enpresak eta 'erabiltzaile' libreak", aipatu du Jérome Froty Artekako zuzendariak. Nabarmendu duenez, herri batean aktibitate bat garatzeko xedea herriari zerbait eskaintzea da.

"Hartu-eman bat da. Luzaideko arroila erabiltzen dugu eta guk zerbait itzuli nahi diogu herriari. Joaten garenean saiatzen gara bisitariek herrian kontsumitzea, kafe bat edatea edo zigarretak erostea, adibidez", esplikatu du.

Artekako zuzendariak azaldu duenez, Bidarrain arroila bat dago. Bere enpresak arrazoi horrengatik, besteak beste, Bidarrain instalatzea erabaki zuen. Ustiatze masiboaren mehatxuaren eraginez, Herriko Etxeak bertan aktibitaterik ez burutzea erabaki zuen. Horrek Luzaiderako bidea erakutsi zion Arteka enpresari.

Xarma horren pean

Herri horretatik ateratzean, Ibañetara doan bidean, zubitxo bat dago. Horren azpian Txapitel errekaren ur hotzak nagusi dira. Edonork hortik pasatzean ez du irudikatzen gordetzen den txokoaren edertasuna. Salto egiteko putzuak, harrizko tobogan naturalak, hainbat metrotako paretak... denak oihan ziraragarri batez inguratuak. Xarma horren pean gelditu ziren Arteka enpresako arduradunak arroila ezagutu zutenean.

Urte luzez Txapitel errekako zubiaren inguruan hondakindegi salbai bat sortu zen. Burdina, garbitzeko makinak eta mota guzietako materiala bertan botatzen zituzten. Artekak eremu hori garbitu eta sarbidea oztopatzea lortu zuen Herriko Etxeari esker.

Eremua esklusiboagoa bilakatzeko akordio bat egin zuen arroilara joateko zeharkatu behar den etxaldearen jabearekin, Frotyk aipatu duenez. Denbora pasa eta esklusibotasun hori itzalean gelditu zen, geroz eta jende gehiago hortik ibiltzen hasi zelako. 

Legeari dagokionez, Frotyk Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ezberdintasun anitz daudela azpimarratu du. Adibidez, Estatu espainiarrean Ipar Euskal Herriko enpresa batek bere aktibitatea garatzeko "Confederación Hidrográfica del Ebro" egituraren baimena lortu behar du, Frotyk esplikatu duenez.

Hainbat egitasmo

Gainera, gaur egun aktibitate mota horiek gidatzeko diploma duten pertsonak Estatu frantsesean eskas direla kontatu du. Horrek askotan zerbitzuaren eskaintza garatzea eragozten dio Arteka enpresari.

Haatik, Artekak etorkizun oparoa aurreikusten du Nafarroako herrian. Kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko hainbat egitasmori buruz hausnartzen ari dira. "Etorkizunean aktibitateen eskaintza garatu nahiko genuke Luzaiden. Naturarekin lotutako aktibitateek etorkizuna dute herrian; baina Herriko Etxearen borondatea garrantzitsua da", erantsi du.