Kazeta

Lanpedusatik Baigorrira, errefuxiatuen gorabeherak iruditan

BIDEOA. Hautetsi gisa egin lanean ikusi eta ikasi dutena erreportaia batean bildu dute EH Bilduko lau ordezkarik. Errefuxiatuen zorigaitza eta haiekilako elkartasuna da bilduma horren haria.

"Mugak ireki" erreportaian Baigorriko esperientzia aipatzen dute.
"Mugak ireki" erreportaian Baigorriko esperientzia aipatzen dute.

Azken hilabeteetan EH Bilduko hautetsiek Europara heltzen diren errefuxiatuei buruzko lanketa berezia egin dute. Izan tokiko hautetsiak, Madrilekoak edo Bruxelakoak, bakoitza bere eremuan eragiten saiatu dira eta GUE/NGL Europar Batasuneko ezkerreko talde parlamentarioarekin erreportaia bat obratu dute. "Mugak Ireki" eman diote izena eta espainola eta euskara erabili dute lan hori egiteko.

Errefuxiatuen nazioarteko egunean, ekainaren 20ean, aurkeztu zuten. Melillatik, Lampedusara, Calais, Balkanak eta Baigorritik pasatuz, erreportaia horrek errafuxiatuen egoera larriaren sakontasunera bidaiatzen du. Horretarako lehen pertsonan mintzo dira Josu Juaristi eurodiputatua, Diana Urrea Gasteizko legebiltzarkidea, Miren Larrion Gasteizko herriko kontseilaria eta Jon Iñarritu Amaiur taldeko diputatua Madrilgo Kongresuan.

Munduko hainbat tokitatik heldu diren gizon, emazte eta haurrekin egon dira, izan dadila Grezian, Marrokon edo Gasteizen berean. Topaketa horiei esker, errefuxiatuek bizi duten egoera ahal bezain hurbiletik aurkezteko saiakera bat da egin duten lana.

Elgarrizketen artean dago Antton Currutcharry hautetsi baigorriarraren lekukotasuna. Joan den neguan, Calais-tik etorritako gizon gazteak errezebitu zituen Baxe Nafarroko herriak eta sortu zuen elkartasunaz aritu da Currutcharry. Hasiera batean ezagutzen ez zuten horrek haien ikusteko manera zenbat aldatu duen kontatzen du.