Iurre BIDEGAIN

Zinkak crowfunding kanpaina abiatu du bizirik irauteko

Zinka Bizirik elkarteak Maulen kokatua den Zinka ostatua kudeatzen du. Bastimendua arraberritzeko taldeak diru bilketa bat abiatu du; 30.000 euro lortzeko xedea du. Obrak burutu ondoren, bilgune berritua iraila bukaeran estreinatuko dute.

Mauleko Zinka ostatua. ©ZinkaBizirik
Mauleko Zinka ostatua. ©ZinkaBizirik

Bada hamaika urte Zinka Bizirik elkartea sortu zutela. Ibilbidearen hasieratik sortzaileek helburuak argiki finkatu zituzten: kultura sustatu eta jendartearen arteko harremanak jostea, gisa anitzetako ekimenak antolatuz. Urteak pasa ondoren, elkarteak Maulen kudeatzen duen Zinka ostatua zahartu da. Egokitzeko beharrezkoak diren obrak burutzeko, elkarteak crowfunding kanpaina bat abiatu du. Orotara, hemendik ehun egun ingurura, 30.000 euro lortzeko xedea du.

Elkarteko kidea den Iulen Giressek azaldu duenez, "bastimendua poliki-poliki erortzen ari da". Zinka Bizirik bilgunea arraberritzeko hainbat lan burutzearen beharraz ohartu da. Hain zuzen, hargintza eta zurgintzako lanak egin behar ditu. Horien artean, ateak eta leihoak berritu, soinu sistema egokitu eta sukalde bat eraiki.

Zinka ostatuak ez du soldatadunik, beraz antolatzen dituen ekimenen irabaziak gastuak, alokairua eta taldeak ordaintzeko erabiltzen ditu. "Obrak beharrezkoak dira aitzinatzeko", nabarmendu du Giressek. Kideak esplikatu duenez aurrekontuak eskatu dizkiete hainbat enpresei. "Lan batzuk profesionalen esku utzi behar ditugu, baina beste anitz guk eginen ditugu", erantsi du.

Urte hauetan Zinka ostatua Xiberoko bilgune garrantzitsu bat bilakatu da herritarrentzat. Berriki Prefosta elkarteak gune bat ireki arte, Zinka euskararen alde lan egiten zuen leku bakarra zen. "Kultur gune bat da; batez ere kultur alternatiboari garrantzia ematen diona. Gainera, elkargune soziala irudikatzen duela errango nuke", aipatu du kideak.

Ateak irekiak beste elkarteentzat

Urtean zehar elkarteak antolatzen dituen ekimenak anitzak dira. Iulen Giressek esplikatu duenez, hiru astero kontzertu bat eskaintzen du, eta horrez gain joko gaualdiak, dokumentalak eta erakusketak proposatzen ditu. Halaber, taldeak ostatua beste elkarteen esku uzten du nahi dituzten jarduerak antolatu ditzaten.

Zinka elkartea diruz lagundu nahi duenak Leetchi webgunera jo beharko du. Elkarteko kidearen aburuz, elkartasuna adieraziko duen bakoitzari bazkari bat eskainiko zaio estreinaldi egunean. "Irudi berria iraila bukaeran edo urri erdian estreinatu nahiko genuke", iragarri du.