Kazeta

Euskarazko Interneten eguna ospatu da lehen aldiz

Maiatzaren 17an ospatzen den Nazioarteko Interneten Egunaren karietara, lehen aldiz, Euskarazko Interneten eguna antolatu zuten Iruñean. Euskarak Interneten izan duen ibilbidea islatzen duen bideo bat erakusteaz gain, Sarean.eus, Internet eta Teknologia agerkaria aurkeztu zuten.

Bada urteak euskarak Interneterako bidea hartu zuela. Hain zuzen, lehen edukiak Buber's Basque Page diasporako informazioa biltzen zuen webgunean agertu ziren. Maiatzaren 17an Interneten Nazioarteko Egunaren karietara, PuntuEUS Fundazioak, Topaguneak elkarteak eta Euskalerria Irratiak ekimen berezi bat antolatu zuten Iruñean: Euskarazko Interneten eguna.

Ekimenean "Gailurra beti dago gorago" ikus entzunezko animazioa aurkeztu zuten. Ekoizpenak euskarak Interneten izan duen garapena azaltzeaz gain, berrikuntzak eta etorkizunari begira dauden erronkak esplikatu ditu.

"Animazioak agerian uzten du gauza on eta asko egin direla euskaraz interneten, oso komunitate aktiboa dela euskararena, baina indarrak dituenarentzat gailurra beti dagoela gorago eta oraindik asko dagoela egiteko", aipatu dute antolatzaileek.

Sarean euskarazko eskaintza indartzeko, desmartxa parte hartzaile batek hainbat proposamen egin ditu. Ekimenaren bultzatzaileek aipatu dutenez, PuntuEUS Fundazioak horietako hainbat gauzatzeko engaiamendua hartu berri du.

Euskarazko Interneten egunaren karietara ere, Sarean.eus, Internet eta Teknologia agerkaria digital aurkeztu zuten. "Hedabide honen misioa, informatu, entretenitu eta kultura teknologikoa euskaraz zabaltzea da", erantsi dute. Euskarri berriak Internet eta teknologiari buruzko gaiak landuko ditu.