Iurre BIDEGAIN

Mendi Martxak Kaskarotenea ikastola omendu du

Abuztuaren 1ean Algortatik abiatu ondoren, Ziburura ailegatu da Mendi Martxa abuztuaren 8an. 13.00etan, herriko plazan ekitaldi berezi bat prestatu dute eta bertan euskal selekzioaren aldarrikapena egiteaz gain, Kaskarotenea ikastolaren borroka omendu dute.

Mendi martxa Ziburun iraganen den ekimen batekin bukatu da. ©Bob EDME
Mendi martxa Ziburun iraganen den ekimen batekin bukatu da. ©Bob EDME

"Euskal Selekzioa Martxa, kosta ala kosta ofizialtasuna!" lemapean aurtengo Mendi Martxa Algortatik abiatu eta Ziburun bukatu da abuztuaren 8an. Kirol selekzioaren aldarrikapenaz gain, martxak tokiko problematikei elkartasuna adierazi die zeharkatutako kilometroetan. Larunbatean, 13.00etan, ekitaldi berezi bat egin dute Ziburuko plazan, eta bertan, Kaskarotenea ikastola omendu dute.

"Gure helburua euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzea da eta horretan Mendi Martxak ekarpentxoa egiten dio", azaldu du antolatzaileetariko bat den Txumai Iturriak. Bere arabera, aurtengo ekimenaren "aurreikuspenak bete dira".

Herrietan gaindi atzeman duten "berotasuna" azpimarratu du eta "inoiz baino parte hartze handiagoa" izan dela gaineratu du. "Urte hauetan engaiamendu hori ikusi da. Eragileek, federazioek edo elkarteek bat egin behar dute. Ofizialtasunaren arazoa ez da juridikoa, baizik eta borondatezkoa", azaldu du Iturriak.

Aste huntan egunero 06.00etan altxatu, gosaldu eta bi ordu beranduago zakua bizkarrean jarri eta, euskal selekzioaren aldeko urratsak egin dituzte. "Herri bakoitzean dauden baliabideen arabera", gainera, aktibitateak antolatu dituzte.

Kulturaren aldeko martxa ere

Abuztuaren 7an, Donostiako Zurriola ikastolan gaua pasa ondoren, kirol ekimena Hondarribiarantz abiatu da. Iturriak Mendi Martxak Pasaian Albaola ontziaren eraikuntza ezagutzeko geldialdi bat eginen duela esplikatu du. "Euskal Herria ezagutarazi nahi dugu ere bai", gehitu du.

Larunbatean, berriz, Hendaiatik Ziburura joanen dira bertan edizioa bukatzeko. 13.30etan herriko ordezkariekin batera ekitaldi bat antolatu dute plazan. "Aurtengo ibilbidea diseinatzen genuenean, Kaskarotenearen gatazka agertu zen. Horregatik omenaldi berezi bat egin nahi izan diogu", kontatu du Iturriak. Halaber, hitz hartzeen ondotik, herri bazkari bat prestatu dute.