Kazeta

Algortatik Ziburura ttipi-ttapa euskal selekzioaren alde

"Euskal Selekzioa Martxan, kosta ala kosta ofizialtasuna!" lelopean, abuztuaren 1ean Algortan XV. Mendi Martxa hasiko da. Zazpi egun beranduago, Ziburura ailegatuko da.

Orain bi urteko mendi martxa, Hendaia zeharkatu zuenean. (Jagoba MANTEROLA | ARGAZKI PRESS)
Orain bi urteko mendi martxa, Hendaia zeharkatu zuenean. (Jagoba MANTEROLA | ARGAZKI PRESS)

Abuztuaren 1etik 8ra XV. Mendi Martxa Algortatik Ziburura ibiliko da. "Euskal Selekzioa Martxa, kosta ala kosta ofizialtasuna!" lemapean iraganen da aurtengo ibilaldia. Antolatzaileek adierazi dutenez, bukaerako ekitaldian edizioak Kaskarotenea ikastolak eta Seaskak orohar aitzina eramandako lana omenduko du.

2001ean Mendi Martxak bere lehen edizioa ospatu zuen. Hain zuzen ere, Trebiñu eta Uztaritze lotuz euskal selekzioaren aldeko martxak bere lehen ibilbide burutu zuen. ESAITen babespean antolatu zuten hura eta baita jarraian etorri diren gainontzeko hamahiruak ere.

Aurten, Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak bere jardunbidea eten duen arren, mendi martxaren antolatzaileek ekimenarekin jarraitzea erabaki dute eta aurten, euskal kosta ia alderik alde zeharkatuko dute. "ESAIT desagertzeak ez du Euskal Selekzioaren aldeko borroka desagertzen dela adierazi nahi, aitzitik, aurreko esperientzian oinarrituz egoera iraultzea lortu behar dugu", adierazi dute antolatzaileek.

Izen emaiteak

Abuztuaren 1ean abiatuko da aurtengo edizioa Algortan eta 8an Ziburun bukatuko da. Leloa ere ibilbideari loturikoa, "Euskal Selekzioa martxan, kosta ala kosta ofizialtasuna!". Izena emateko parada zabalik dago, jada, eta azalpen guztiak mendimartxa.eus webgunean topatuko ditu interesa duenak.

Egunean bataz beste 7 edo 8 ordu arteko txangoak izanen dira. Eguneko 20 bat km-ko txangoak izanen dira. Ibilbideari eta martxan zehar jakin beharrekoei buruz informazio osoa webgunean topatu daiteke.