Kazeta

Karrika ikusgarriek "plazer egin" nahi dute Jokoz Kanpo ekitaldian

Ekainaren 6an, Ezpeletan Jokoz Kanporen edizio berri bat ospatuko da. Ikastaroek, dantza ikusgarriek eta musika emanaldiek herriko karrikak alaituko dituzte.

 16.30 eta 20.00etan Lehiotik taldeak dantza ikusgarria ikusteko parada eskainiko da. ©dantzan.eus
16.30 eta 20.00etan Lehiotik taldeak dantza ikusgarria ikusteko parada eskainiko da. ©dantzan.eus

Ekainaren 6an Jokoz Kanpo ekimenaren seigarren edizioa ospatuko da. PinPulKa elkarteak antolatutako egunak "plazer egin" nahi du eta horretarako adin guztientzat zuzenduak diren ikusgarriak eta aktibitateak prestatuko dituzte.

15.00etatik aitzina, karrikako ikusgarriek Ezpeletako herria koloreztatuko dute. Doinu balkanikoak eskainiko dituen Txarangak ekimenari hasiera emanen dio. Halaber, ekitaldiaren hasieran interesatuek txotxongilo ikastaroan parte hartzeko izena eman beharko dute.

16.30etan Christophe Palviaren eskutik, ile zizelkariak buruaren gainean eskultura originalak eraikiko ditu. Antolatzaileen arabera, nahi duenak Paviraren "kaiolan sartu eta norberaren burua uzten ahalko du bere irudimen eta eskuen artean".

Halaber, 16.30 eta 20.00etan Lehiotik taldearen dantza ikusgarria ikusteko parada eskainiko da. Horietaz gain, Parisite Circus, La Corde et on edo The Uthopian trash ballet taldeak ere presente egonen dira.

Ekainaren 5an iraganen den Alternatibako itzuliaren hasieraren harira, Jokoz Kanpo ekitaldiak gaiari lotutako ekimen bat proposatuko du. Hain zuzen ere, 20.30etan, "Ekolo-Coaching eta Loulou maisuak", ingurumenari lotutako hausnarketa eginen dute; "umore onean bistan duk/n".