Naiz

Estilo eta genero ezberdinetako emanaldia 5.000 musikarien eskutik

Ekitaldi hau 2016an ospatuko den XII. Europako Musika Eskolen Jaialdiaren inaugurazioaren aurrekaria izanen da. Ekimenean garai, estilo eta genero desberdinetako 30 egilek baino gehiagok hartu dute parte. Gonbidapenak «crowdfunding» bidez lortu ahal izanen dira.

Hitzordua Anoetan iraganen da Europaren Egunaren karietara.
Hitzordua Anoetan iraganen da Europaren Egunaren karietara.

Bost mila musikaritik gora ariko dira larunbat arratsaldean, 17.00etatik aurrera, Anoetako estadioan ospatuko den ekitaldian. Ekimen hori, Donostia 2016 egitasmoan kokatzen den XII. Europako Musika Eskolen Jaialdiaren inaugurazio ekitaldiaren aurrekaria izango da, 2016ko maiatzaren 5ean ospatuko dena. Larunbateko hitzorduan Juan Jose Ocon ariko da zuzendari lanetan, Olatz Beobideren koordinazio artistikoaren laguntzarekin.

Entsegua izango da larunbatekoa eta dantzari talde batez lagundutako 5.000 musikarik hartuko dute parte. Lau kantu interpretatuko dituzte denera: “Txanton Piperri” (Buenaventura Zapirain), “Europako Ereserkia”, Raimundo Sarriegiren “San Sebastian Martxa” eta “Musikatu bizitza”, herritarrei zuzendutako lehiaketaren bidez aukeraturiko abestia, Garazi Zabaleta gazte beasaindarrak sortua. Kantu, partitura eta audio guztiak «www.donostiaeskola.eus» webgunean daude eskuragarri.

Abesti horiez gain, ekitaldiak “Agurra” parte-hartzailea ere izango du, 200 txistulari, trikitilari eta abarren musikarekin eta 300 dantzariren parte-hartzearekin. 2016an etorriko diren musikariei ongietorria egiteko balioko du sorkuntza horrek.

Europako 20.000 musikari

Horrez gain, ekitaldia berezi bihurtzeko asmoarekin, sorpresa ugari egongo direla aurreratu dute eta boluntario gisa lan egin nahi dutenek ere izena emateko aukera izango dute. Publiko orokorrari zuzendutako gonbidapenak «crowdfunding» edo finantzaketa kolektiboaren bidez lortu ahal izango dira. Datorren urtean Euskal Herritik eta Europatik etorritako 20.000 musikarik parte hartuko dute.

Bestalde, larunbatean bertan, beste hitzordu bat izango da: Musikaldia jaialdiaren XII. edizioa ospatuko da Errenterian, Musika Eskolen Elkarteak bi urtero antolatzen duen ekimena, hain zuzen. Aurten, 46 euskal musika eskolatatik iritsitako 3.000 ikasle inguruk hartuko dute parte herrian ezarriko diren bederatzi agertoki desberdinetan. Horiek ere Anoetan arratsaldean egingo den entseguan izango dira. Musikaldiak bere programarekin jarraituko du bitartean, 300 parte-hartzailez osatutako herriko eragileen emanaldiekin.

Aurten, Errenteria Musikal musika eskolari dagokio ekimenaren antolakuntza, 900 ikasletik gora dituen eskola. Eskola hori Emusik ekitaldi erraldoiaren parte izango da, eta horretarako, zazpi mikroegoitza eskainiko ditu, dantza-barra bat eta baita atzerriko eta bertako musikarien arteko harremanak uztartuko dituzten hainbat ekimen ere.