Kazeta

Elikagai Bankuak bildu janaria emendatu da

Iaz, Baionako Elikagai Bankuak 746.696 kilo janari bildu ditu, horrek erran nahi du egunero 6.000 bazkari inguru banatu dituela. Arduradunek urtea "behar bezalakoa" izan dela diote. Laguntza banatzeko sarea emendatzen doa, haatik, eskaintzak emendatu dira, baina eskaeren kopurua oso fite igo dela azpimarratu dute.

 

2013. urteari konparatuz %35a gehiago bildu dute.
2013. urteari konparatuz %35a gehiago bildu dute.

Baionako Elikagai Bankuak 2014. urtea "behar bezalakoa" izan dela adierazi du. Orotara, 746.696  kilo janari lortu dituzte, horietariko %19 eskaintzak izan dira eta %42a bilketak. Urteko kopuru orokorra hartuz, egunero 6.000 bazkari inguru eskaini dira. Alde batetik, bilan baikorra egiten du erakundeak laguntzaileen sarea geroz eta hedatuagoa delako. Baina, bestalde, emendatu den eskaintzaren aitzinean, krisiarengatik eskaeren kopurua handitu dela aitortu du.

Orokorrean, Baionako Elikagai Bankuak bildutako janari kopurua emendatu da. Hain zuzen ere, 2013. urteari konparatuz %35a gehiago bildu da. Azaroan egiten den bilketan, aurten 104 tona janari gehiago bildu zituen. Hala ere, entitateak elikagaien artean proteinak eskas direla ohartarazi du. "Orekari lotutako mezua gehiago zabaldu behar dugu".

Gaur egun, Ipar Euskal Herriko taldea departamenduko 29 elkarterekin lanean ari da. Adibidez, Donibane Lohizune, Kanbo, Donapaleu edo Angelurekin. Horietariko bost azken urtean elkartu dira eta elkarlanaren hitzarmena hilabete huntan sinatu dute.

"Azken batzarretik laguntzaile berrien ekarpena jaso dugu eta horri esker zerbitzua profesionalizatzen ahal dugu", gehitu du entitateak. 29 elkarte hauek laguntzaren %70a zonalde ezberdinetan banatu dute.

Etorkizuneko kezkak

Bankuak etorkizunerako sukaldaritza ikastaroak antolatuko direla adierazi du. Halaber, egoitzan lan egiteko baldintzek eragiten dituzten arriskuen inguruan kezkatuak dira; "horiek ez direlako gure esku".

Arazoa konpontzeko, hautetsiak lokalak bisitatzera gonbidatu ditu eta "dirudienez sentsibilizatuak izan dira". Mementoz jasotako erantzun ezaren aitzinean, Baionako auzapeza den Jean-René Etchegaray-ekin bilkura bat eskatu du.