Kazeta

Austeritatearen kontra, apirilaren 9an LABek greba eta mobilizazio egunera deitu du

LAB sindikatuak krisi ekonomikoa hasi denetik langileen egoera egunero okertzen dela salatu nahi du. Apirilaren 9an "Austeritateari Stop" mezua aldarrikatuz, greba eta mobilizazio eguna segitzeko deia hedatu du. Baionan, 10.30etako manifestaldirako eman du hitzordua eta Donapaleun 18.00etan elgarretaratze bat antolatu du.

18.00etan Donapaulen elkarretaratze bat prestatu du LABek.
18.00etan Donapaulen elkarretaratze bat prestatu du LABek.

"Soldaten, pentsioen eta gutxieneko sozialen emendatzearen alde eta langileen aldeko indar harremana eraikitzeko". Horiek dira ostegunean, apirilaren 9an, antolatua den greba eta mobilizazio egunean parte hartzeko LAB sindikatuaren arrazoi nagusiak. CGT, FO, Solidaire eta FSU sindikatuek antolatu dute sektore pribatuko eta publikoko lanbideen arteko mobilizazio egun hori.

Krisia hasi denetik langileen egunerokotasuna okertzen joaiten dela salatu nahi du plazaratu duen agiri batean, LABek. Horretarako, alde batetik, ostegunean 10.30ean izanen den manifestaldian parte hartuko du, Baionako geltokitik hasita. Gainera, 18.00etan Donapaleun elgarretaratze bat prestatu du.

Sindikatu abertzaleak, 2008an krisia hasi denetik "izoztutako soldatak, masa langabezia, enpleguen prekarizazioa edo babes sozialaren aurkako erasoak agertu direla" salatu du. Halaber, krisi ekonomikoari esker "nagusiei zerga kendu edo apaldu dizkiete eta lizentziamenduak erraztu dituzte".

Egoerari aurre egiteko "gobernamenduaren politika" aldatu behar dela uste du. Horretaz gain, "gibelatze sozialak oztopatzeko", sindikatuak elkartu eta "frente bateratua" sortu behar dutela pentsatzen dute. "Dirua bada! Den tokian hartzea besterik ez da!", gehitu du taldeak.