Kazeta

Bagoazek Oier Oaren egoera "absurdoa" salatu du

Oier Oa apirilaren 4ean aske gelditu da. Konfinatua izan ondoren, Saint-Germain-en-Layen asignatu dute; Euskal Herritik 800 kilometrotara. Bagoaz kolektiboak egoera "absurdoa" dela salatu du eta euskal presoak bete beharko dituen baldintzak iragarri ditu. Apirilaren 11an Larresoron Oaren aldeko manifestazioa eginen da.

Bagoaz kolektiboaren aurkezpena. Argazkia Bob EDME.
Bagoaz kolektiboaren aurkezpena. Argazkia Bob EDME.

Aske gelditu baino ordu batzu lehenago Oier Oak ez zuen ezagutzen bere norakoa. Apirilaren 3an euskal presoa Saint-Germain-en-Layen asignatua izanen zela jakin zuen. Pariseko mendebaldean, hain zuzen ere, Euskal Herritik 800 kilometrotara. Bagoazentzat sufritu beharko duen egoera "absurdoa" da eta apirilaren 11ean egoera hori salatzeko Larresoron antolatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du.

Bagoaz kolektiboak Oier Oa hiru aldiz egunean komisaldegira sinatzera joan beharko duela adierazi du. Horretaz gain, gaueko ordu batak eta gero ezingo duela kanpoan egon zehaztu du. Hain zuzen ere, euskal presoa egoera horretan dago "Estatu frantsesean egoiteko debekua duelako eta beste euroagindu bat ukatua duelako".

Eskubideen urraketa

Euskal presoen giza eskubideen alde lan egiten duen taldeak, "neska lagun eta haurretaz urrundu" dutela iragarri dute. "Oierren eskubide guztiak urratuak dira : familian bizitzeko eskubidea, bere neska laguna ikusteko eskubidea, bere haurrekin egoiteko eskubidea, bere herrira itzultzeko eskubidea", azpimarratu du Bagoazek.

Oier Oaren egoera "absurdoa" dela azpimarratu ondoren, Bagoazek "egoera konpontzea exijitu" du. Halaber, apirilaren 11ean Larresoron antolatu den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Hitzordua 17.00etan izanen da.