Argitxu DUFAU eta Iurre BIDEGAIN
Interview
Fermin Muguruza eta Harkaitz Cano
Black is Beltza-ren sortzaileak

"Black is Beltzarekin zerbait zintzilik gelditu da: animaziozko pelikula egitea"

Fermin Muguruza eta Harkaitz Canok "Black is Beltza" proiektua aurkeztu diete KAZETA.EUSen. Proiektuaren jatorria Iruñeko erraldoien konpartsak New Yorken egindako ateraldi baten argazkia da. Hortik abiatuta, nobela grafiko bat garatu dute DR. Aldereterekin batera. Martxoaren 19an Bi Harriz Lau Xori festibalaren karietara, "Black is Beltza" istoriaren proiekzio animatua eskainiko dute.

 

Nola hasi zen "Black is beltza" proiektua?
Fermin Muguruza: Dena hasi zen argazki batekin. Duela 15 urte Egunkariak atera zuen argazki bat non ikusten ziren Iruñeko erraldoiak desfiltazen New Yorkeko bosgarren abenidan. 1965ean erraldoiak gonbidatu zituzten munduko azokara eta arrazakeria zela medio, erraldoi beltzek ez zuten desfilatzeko aukerarik izan. Ideia horrekin gelditu nintzen eta pentsatu nuen zerbait egiten ahal zela horrekin. Beste istoria batekin sinopsi txiki bat idatzi eta Harkaitz Canori deitu nion jakiteko ea animatzen zen gidoi bat idaztera.

Zergatik komikiaren formatua hautatu duzue istoria hau islatzeko?
Harkaitz Cano: Hasiera batean, helduentzako luzemetrai animatua izan behar zuen. Ambizio handiko proiektua zen, dekoratua, pertsonaia asko eta aurrekontua ere itzela izango zen. Modu errealista batean eta horra iritsi baino lehen, edo horra iritsi gabe ere, bururatu zitzaigun zergatik ez egin nobela grafiko bat. Egia da lan asko egin dudala komikilariekin eta beti esaten dut komikia dela zinema perfektua. Komikiak baditu zinemaren abantaila asko eta zinemak dituen desabantailetarik gutxi. Horregatik nobela grafikoaren hautua.

Zergatik bizia eman komiki horri?
F.M: Ideia hau bazkari batean atera zen eta gainera komentatu genuen bi zatitan egin genezakela, prestatu genuen gidoia eta 140 orri baino gehiago zituen. Ilustratzaile bat bilatu eta pentsatu genuen lehen zatia kaleratzea eta hurrengoa beranduago. Gidoia bukatuta zegola, Los Angelesen negoen eta Jorge Aldereteren ilustrazioekin topatu nintzen. Marrazkiak ikusi nituenean, egin dugun lanarekin egokia izango litzatekeela pentsatu nuen. Harkaitzi bidali eta gustatu zitzaizkion asko. Kontaktuan jarri eta berak esan zuen gainera, hasi ezkero nahiago zuela obra osoa egitea eta aurkeztea. Jorge Aldereterekin harremanetan jarri ondoren, hiru urteko lana izan da.

Zein dira obrak hunkitzen dituen gai nagusiak?
F.M: Hemen badago gertaera historiko bat klabe asko ematen dizkigunak. Nola 60 hamarkadan arrazakeria dela medio zentsura aplikatzen zaion adierazpen kultural bati. Alegia, euskaldunok hain gurea daukagun Sanferminetako jaiekin harremantzen den zerbait: Iruñeko erraldoiak. Gero hori kontestu historikoan kokatu behar da ere. Hori dena daukagu pil-piliean eta inguruan dago musika, osagai kultural guztiak, euskaldunok geureari eutsiz nola harremandu egiten garen munduarekin. Hori ardatza baldin bada, imaginatu hortik abiatuta nola posible duzun hitz egin arrazakeriaz, baina baita amodioaz edo biziarekiko griñaz ere.

Arrazakeria hitza asko aipatzen da gaur egun, pentsatzen duzue 60 hamarkadaz geroztik gauzak asko aldatu direla?
H.C: Nik esango nuke zoritxarrez hainbeste hainbeste ez dela aldatu. Gertaera batzu badaude berrogei urte atzera eramaiten gaituztenak. Hori gertatzen da arrazakeriarekin eta beste hainbat gauzekin. Azkenean egia da liburuak geruza ezberdinak dituela. Arrazakeria izan daiteke bat, baina musika beltzarekin dagoen harremana beste bat da. Irakurketa ezberdinak ematen ahal dira eta zergatik ez berrirakurketarako aproposak direnak.

Zaila izan da zuen arteko elkarlan hori osatzea?
H.C: Nik uste dut ezetz, azkenean ohituta gaude genero guztietako profesioanalekin lan egitea etengabe. Jende askorekin lan egin dut, baina jende gutxi ezagutu ditut Fermin bezain langilea. Orduan alde horretatik suertea da. Zure parean duzuna sentitzea gaitasun handiko pertsona dela, eta karabana gidatzeko gai dena.
F.M: Kantuak idazteko, kantuen testuak nik idazten ditut. Komikiarekin adibidez, Kortaturen lehen abestia komiki batean oinarrituta dago. Harkaitzek esan duen bezala, arlo askotan lan egiten dugu. "Black is beltzaren" ideiarekin Harkaitzi esatea pentsatu nuen, lortzen banuen konbenzitzea.

Zaila izan zen Harkaitz Cano konbenzitzea?
H.C: Fermini ezezkoa ematea, ezinezkoa da. Egunkariaren errekortea erakutsi zidanean, albistearekin jarraitzen pentsatu nuen bazegoela istoria. Hor dena dago. Falta dagoena da akordeoia idekitzea. Batzuetan bost lerroko sinopsia batek ematen dizu horrelako iradokizun maila. Dena hor dago, bakarrik falta da argitaratzea.

Etorkizuneko proiketuak badituzue elkarrekin?
F.M: Liburuak badu ibilbide luze bat, Colombian argitaratuko da laster. Argentinan ere bai. Madrilen ere dauzkat aurkezpen batzu. Oraindik horrekin lan asko dago egiteko. Oraindik gauza bat zintzilik gelditu da: animaziozko pelikula egitea. Oraindikan ez dugulako amore eman. Liburua badago, istoria ere eta kantua ere. Animaziozko produktore batzuekin bildu naiz, beraz hor jarraitzen dugu, tinko.