Iurre BIDEGAIN

Ezagupen instituzionalaren inguruko konsensua islatzen du Bateraren galdezketak

Martxoko hauteskundeen karietara, Baterak hautagaiak galdezkatu ipar Euskal Herriko ezagupen instituzionalari buruz. Orotara 35 erantzun jaso ditu, jakinez binonio batzuek batera erantzun dutela eta beste batzuek bakarka. Plataformak adierazi du orokorrean erantzunak positiboak izan direla.

Batera plataformak hautagaien 35 erantzun argiataratu dituzte.
Batera plataformak hautagaien 35 erantzun argiataratu dituzte.

Baterak martxoaren 17an publikoki iragarri ditu hautagaiei egindako galderen erantzunak. Plataformak hiru galdera egin dizkie eta haiek baiezkoan edo ezezkoan erantzuten ahal zuten. Orotara 35 erantzun jaso ditu, binonio batzuek elkarrekin erantzun dute eta beste batzuek bakarka. Plataformaren iritziz, orokorrean erantzunak positiboak izan dira, nahiz eta kasu batzu azpimarratzekoak diren.

Alde batetik, "BATERAren ustez, 2012ko azaroan Hautetsien Kontseiluak definitu eta adostu Estatutu bereziko lurralde kolektibitatea Iparraldeak behar duen egitura sinpleena eta demokratikoena da. Horrekin bat egiten duzu?". Bestalde, "Hautatua bazara, EPCI bakarreko definitze eta sortze lanetan inplikatuko ote zara, jakinez Iparraldearen gobernatze bidean lurraldearen elkartasuna eta koherentzia segurtatzeko lehen urratsa dela?". Azkenik, "hautatua bazara, borrokatuko ote zara EPCI horrek beharrezkoak dituen eskumen guziak eskura ditzan?". Horiek dira Batera plataformak martxoko hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagaiei egindako galderak.

EH Bai-k kantonamendu guzietan erantzun du, PNB alderdiak aurkeztu den lau kantonamenduetan. Haatik, beste alderdi batzuek ez dute iritzirik plazaratu. Biarritzeko kantonamenduan, adibidez, orotara bederatzi binonio aurkeztuko dira eta soilik Régine Daguerre eta Serge Istèque (EH BAi) hautagaiek erantzun diete Bateraren galderei.

Binonioen kontraesanak

Orokorrean, erantzunak positiboak dira eta aldi bakar batean binonioak ezadostasunean egon dira. Hain zuzen ere, Baiona 3ko kantonamenduan, Marie-Christine Aragon eta Henri Etcheto sozialistak lehen galderan ezadostasunean dira. Aragonen ustez, Ipar Euskal Herriak lurralde kolektibitatearen beharra du, aldiz bere binonioa kontra da.

Hendaiako kantonamenduan Béatrice Tariol eta Dominique Mélé (Ezkerra) hiru galderei ezezkoa erantzun diete. "Gure herriak hautu politikoen benetazko aldaketaren beharra du eta hau gizartearen interesei bideratu behar da, ezkerreko benetazko politika behar du. Lurralde antolaketak demokrazioaren adierazpenari erantzun zabalari erantzun behar du".