Kazeta

Ustaritzeko kantonamenduko hautagaiak Euskal Hedabideen mahai-inguruan

Martxoaren 17an Sarako Lurberri gelan Euskal Hedabideek martxoko hauteskundeentzat prestatutako hirugarren mahai-ingurua iraganen da. Bertan, Jean Louis Laduche (etiketarik gabe), Battitt Laborde (etiketarik gabe), Joana Urbistondo (EH Bai), Marie Bleiker (Departamenduko ezkerra) eta Francis Gelliek (EAJ) parte hartuko dute. 19.00etatik goiti, eztabaida ikusgai izanen da KAZETA.EUSen.

Hendaiako kantonamenduko hautagaien mahai-ingurua. Argazkia Isabelle Miquelestorena.
Hendaiako kantonamenduko hautagaien mahai-ingurua. Argazkia Isabelle Miquelestorena.

Martxoaren 4tik departamenduko hauteskundeei begira, Euskal Hedabideek elkalana abiatu dute. Euskal Mendialdeko hautagaiekin Urdiñarben eztabaidatu ondoren, iragan den martxoaren 9an Hendaiako kantonamenduko alderdiak buruz-buru egon ziren. Martxoaren 17an Sarako Lurberri gelan, 19.00etatik goiti hirugarren eta azken mahai-ingurua iraganen da.

Jean Louis Laduche (etiketarik gabe), Battitt Laborde (etiketarik gabe), Joana Urbistondo (EH Bai), Marie Bleiker (Departamenduko ezkerra) eta Francis Gellie (EAJ) hautagaiek KAZETA.EUS, Kanaldude, Euskal Irratiak, Herria eta Ipar Euskal Herriko Hitzak antolatutako mahai-inguruetan parte hartuko dute.

Publikoari idekia

Parte hartzaileek, beren alderdiak aurkezteaz gain, departamenduko eskumenetaz, gizartearen arlo ezberdinetaz edo euskaren inguruan hausnartuko dute. Publikoari idekia den hitzorduan, azken partean bertara hurbildutakoek galderak pausatzen ahalko dituzte.