@iontelleria

Irrati lizentzien esleipena «lehenbailehen» bukatzeko eskatu diote Arrosako irratiek Lakuari

EAEko Auzitegi Gorenak emandako erabakia bete eta 2012n abiatutako irratien lizentzien esleipena «lehenbailehen» burura eramateko eskatu dio Arrosa irrati sareak Lakuako Gobernuari; Tokikom, Hekimen eta euskalgintzako beste hainbat eragileren babesarekin. Udazkenean jakinarazi zuen Auzitegiak orain hiru urteko esleipen hura burura eramateko erabakia, Lakuak Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko zuela iragarri zuen, ordea.

Alberto Barandiaran (Hekimen), Xabat Laborde (EHE), Jon Aranburu (Arrosa), Aitziber Zapirain (Antxeta) eta Urko Aristi (Tokikom). Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Alberto Barandiaran (Hekimen), Xabat Laborde (EHE), Jon Aranburu (Arrosa), Aitziber Zapirain (Antxeta) eta Urko Aristi (Tokikom). Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Arrosa irrati sareak Lakuako Gobernuari 2012n abiatu zuen irrati lizentzien esleipena «lehenbailehen» burura eramateko eskatu dio euskalgintzako hainbat ordezkariren babesarekin; Tokikom, Hekimen eta EHEko ordezkariak izan dituzte eskaria babesten prentsa agerraldian.

Prozedura hartan euskaraz ari diren 34 irrati katek FMrako irrati lizentzia lortu zuten baina Patxi Lopezen agintaldiko azken Gobernu Batzordean esleipen prozesua bertan behera uztea erabaki zuen Lakuak, gobernu aldaketa zetorrenaren aitzakian. Esleipenak lortu zituzten irratiek helegiteak jarri zituzten eta azaroan ezagutu zen EAEko Auzitegi Gorenaren lehen ebazpena, esleipena bertan behera «interes politikoengatik» uztea ez zela zuzena zioen eta Lakuari esleipen prozedura burura eramateko agindu zion.

Lakuak, ordea, erabakiari helegitea jarriko ziola iragarri zuen, Jose Manuel Bujanda Hizkuntza eta Kultura Saileko Kabineteko zuzendariaren ahotan. Gaur, Arrosako irratiek eta euskalgintza eremuan lanean ari diren komunikabide eta eragileetako hainbat ordezkarik bide hori bazter utzi eta esleipen prozedura burura eramateko eskatu diote.

Izan ere, esleipen hartan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskaraz ari diren hainbat irratik lortu zuten lizentzia. Jon Aranburu Arrosako koordinatzaileak adierazi du irrati komunitarioen eta euskaraz ari direnen erregularizazioaren atzerapena eragingo duela Lakuak esleipena atzeratzeak. Euskaraz ari diren irratiek FMn duten leku kaskarra salatu du, kasurik onenean dialaren %20 osatzen dutelako. Lakuaren esleipen prozesua berrartzean irrati guztiei gutxieneko euskarazko ordu kopuru bat eskatu beharko litzaiekela nabarmendu dute eta euskara hutsezko irratiei demarkazio guztietan bermatu behar zaiela lekua.

Euskara, irrati komunitarioak eta frekuentzien erregularizazioa

Esleipenarekin aurrera jarraitzeak euskarazko irratien egoeran aurrera pauso nabarmena eragingo luke Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Hala ere, Arrosako kideek amaitu gabe jarraitzen duen esleipen prozesu horretan beste gabezi nabarmen batzuk ere azpimarratu dituzte gaur. Irrati komunitarioei dagokiena eta frekuentzien erregularizazioarena.

Gaurko agerraldia Antxeta irratiak ezarritako helegitean ere EAEko Auzitegi Gorenak arrazoi ematen diela jakin ostean egin dute. Antxetako Aitziber Zapirainek adierazi du egoerak sortzen dien babes gabezia. Bidasoaren bi aldeetara urte luzez emitizen ari den irratia da Antxeta, Ipar Euskal Herrian irabazi asmorik gabeko irrati gisa du lizentzia, hirugarren sektoreko gisa ezagutzen dena. Hego Euskal Herrian ez da, ordea, halako figurarik eta irrati komertzialekin lehiatu behar dute herri ekimenekoek.

Arrosako ordezkarien arabera eremu honetako irratiek leku propioa beharko lukete balizko lege berri batean. Irratien frekuentzien egungo egoerari dagokionez, gainera, espazioa erregulatzeko beharra dagoela nabarmendu dute gaurko agerraldian, interes komertzialen gainetik komunikazio eskubidea lehenetsiz.