Kazeta

Errobiko hondarkinen kontrako operazioa martxoaren 8an iraganen da

Errobiko Ibarraren Sindikatuak eta bere partaideek heldu den martxoaren 8an iraganen den operazioan parte hartzeko deia luzatu dute. Ingurumenaren alde, interesatuak diren pertsonek erreka bazterren garbiketan parte hartzen ahalko dute.

Martxoaren 8an iraganen den operazioa.
Martxoaren 8an iraganen den operazioa.

"Errobi 0 hondarkin Operazioa" martxan jarri du Errobiko Ibarraren Sindikatuak eta Bil Ta Garbi Sindikatuak. Heldu den martxoaren 8an, igandearekin, boluntarioek 09.00etatik 13.00etara ur bazterrak garbituko dituzte. Ingurumenaren alde, antolatzaileek "jadanik inplikatuak diren pertsonei eta laguntzaileei" parte hartzeko deia luzatu diete.

"Errobi denek zaindu behar dugun ondare natural bat gelditzen da. Bestalde, Errobi beste aktibitate sozio-ekonomiko ainitzen lekuko da gure lurraldean. Sortuz geroztik, gure sindikatak errekaren erabilerak eta uraren kalitatearen zaintza konziliatzea du helburu nagusi. Hautetsi, arrantzale, laborari, ur bazterreko bizitzaile... denek dugu Errobi babestu behar", aldarrikatu du Jean-Michel Galantek, Errobi Ibarraren Sindikatuko lehendakariak.

Seigarren urtea da Errobi ibaia garbitzeko operazioa martxan jartzen dela. Hitzorduan parte hartuko dutenek, ur bazterrak garbituko dituzte: plastikak, autoetako errotak, garbitzeko maxinak, hozgailuak... Hitzorduaren antolatzaileek nabarmendu dute ekitaldiaren garrantzia, 2014ko uztailaren 4ean iragandako uholdeek erreketan hondarkinen presentzia emendatu dutelako.

Hondarkinak biltzeko taldeak osatuko dira 5.2 kilometroko erreka zatiak garbitzeko. Bi talde aurreikusi dituzte: itsasontzian ibiliko diren garbitzaileak (horretarako 12 urte ukan beharko dituzte, igeri egin beharko delako) eta oinez ibiliko direnak.

"Operazio hori beraz gure kontzientzia hartze logika batean sartzen da. Jendeak argi ukan behar du gaur egun gure lurraldean hondarkinen tratatzeko prozesuak zabalduak izan direla eta antolaketa publiko zabal bat plantan jarria dela hondarkinak ez daitezen natura erdian bota edo utziak izan", azpimarratu du Martine Bisautak, Bil Ta Garbiko lehendakariak.

Bi taldetan banatuak

Hitzorduak martxoaren 8an 09.00etan finkatu dira, Itsasuko Evasion aisialdien zentroan. Izena eman behar da martxoaren 6a baino lehen Errobiko Ibarraren Sindikatuan (05 59 93 46 47 edo 06 29 59 12 81) edo emailean: technicien.riviere.nive@orange.fr.