Kazeta

Hauteskundeak: 152 hautagaietatik, 24 geldituko dira

Otsailaren 16az geroztik, martxoko hauteskundeetara aurkeztuko diren 152 hautagaien izenak ezagutzen dira. Nahiz eta anitz iragarriak ziren, azken minutuko sorpresen artean Sarako auzapezaren, Battitt Laborde eta Azkaineko auzapez ohiaren, Jean-Louis Laduchen, hautagaiak atxemaiten dira.

76 hautagaien izenak argitaratu dituzte.
76 hautagaien izenak argitaratu dituzte.

Martxoko hauteskundeentzat geroz eta denbora gutiago falta da. Aste hauetan hautagaien izenak jakin dira. Ipar Euskal Herriko 12 kantonamenduentzat (24 aulki), orotarat 152 hautagai izanen dira; emazte eta gizonak. Martxoaren 22 eta 29an iraganen diren hauteskundeetara aurkezteko, hautagaiek otsailaren 16a arte zuten beren izenak emateko. Barne ministeritzak kandidatura horiek baieztatu ditu.

Ipar Euskal Herriko zerrenden artean, adierazgarriena Biarritzekoa da, bederatzi binoniorekin. Orotarat kolore askotako alderdietatik heldu diren 18 hautagai; ezker abertzaletik, Fronte Nazionalerat doazenak. Ondotik, Donibane Lohizuneko euskaldea kokatzen da, presentatu diren zortzi taldeekin.

Kandidatura gutien dituen euskaldeen artean Bidaxune, Amikuze eta Oztibarreko zonaldeak atxemaiten dira. Izena eman duten lau zerrenden artean, publikoki iragarria izan ez zen bat aurkitzen da: Valérie Franco eta Pierre Perez-ena. Modu berean, Euskal Mendiko kantonamenduan, ordura arte Karine Camus eta Dominique Iratchet-en kandidatura ezezaguna zen.

Sorpresak Ustaritzen

Hauteskunde hauen sorpresa Ustaritzetik heldu da. Hain zuzen ere, Sarako auzapeza, Battitt Laborde, Maite Haran-Larrekin aurkezten da. Beren ordezkoak, Ainhoako auzapeza, Michel Ibarlucia eta Brigitte Ryckenbusch izanen dira.

Azkaineko kontseilaria, Jean-Louis Laduche ber kantonamenduan aurkezten da Marie-José Laffitte-Lefebvre-ekin.

Lapurdiko kantonamendu horretan zazpi binonio izanen dira lehian, Euskal Mendia eta Hendaiakoaren gisara. Halaber, lau kantonamendutan sei binonioen arteko "borroka" izanen da: Baionako hiru kantonamenduetan eta Euskal Aturrikoan. Bestalde, bi kantonamenduk bost hautagai izanen dituzte.