Haritz LARRAÑAGA

"Aldudeko Ibarreko etxe hetsiei" buruzko egitasmoa

"Leiho hetsiak" dituzten etxe hutsak biziarazteko egitasmoa abiatu du Aiba elkarte aldudarrak. Proiektuaren xedea etxebizitza bat eskuratu nahi duten gazteei erraztasunak eskaini eta eskualdeari bizia ematea da.

Abenduaren 13an eskaini zituzten lau hilabeteotan eginiko azterketen emaitzak eta diagnosia.
Abenduaren 13an eskaini zituzten lau hilabeteotan eginiko azterketen emaitzak eta diagnosia.

Baxe Nafarroa, Baigorri-Ortzaize eskualdean daude Aldude, Urepele eta Banka, Baztango lurrekin mugan. Mendi eta muino artean, herri txikiak dira, guztien artean 950 biztanle inguru baino ez dituzte. Alabaina, hain herritar gutxi izateko etxe andana dago inguruan, (570, azken erroldaren arabera). Horregatik, leiho itxiak dituzten eraikinak zenbatzeko erabakia hartu zuen iaz Aldudeko Ibarra Beti Aintzina (AIBA) elkarteak.

Izan ere, "leiho itxien fenomenoa zinez bortitza zen. Hainbeste etxe bizirik gabe egoteak paisaiari irudi tristea ematen zion eta eskualdean egiten ari ziren esfortzuak justu kontrako zentzuan zihoazen; alegia, herriak berpiztu nahi dira", esplikatu zion GARAri Pauline Texier-ek, ikerketa egiteko kontratatu zuten teknikariak.

Leihoak itxiak zituzten 220 etxe zenbatu zituzten 2016. urtean egin zuten lehen azterketa orokorrean. Horren ostean, gehiago sakontzea erabaki zuten eta joan den abuztua eta azaroa bitartean beste ikerketa bat egin zuten, CAUE 64 Pirinio Atlantikoetako Arkitektura, Hirigintza eta Ingurumen Kontseiluaren laguntzarekin.

Herritarren artean zubiak eraikitzen

Lehen fasean, kanpotik aztertu zituzten eraikinak; alegia, ateak eta leihoak «hetsiak» zituzten etxeak zenbatu zituzten, baina sakontzen jarraitu behar zen txosten zehatzago bat izateko. «Hiru herrien artean mila biztanle ozta-ozta biltzen ditugunez, etxe guztien inbentario bat egitea posible zela ikusi genuen», argitu zuen Texierrek. Azterketa horren diagnosiaren berri emango du gaur berak, herritarrak informatzeko Aldudeko Erreka Gorri aretoan antolatu duten bilkura publikoan.

Emaitzak konplexuak dira, 220 "leiho hutsen" artean errealitate desberdin anitz baitago. Batzuk opor garaian alokatzen dira, besteak atseden hartzeko bigarren etxebizitzak dira eta badira mendiko bordak ere, baina datu esanguratsuena erabilerarik ematen ez zaien 100 etxeena da. Azterketa egiteko etxe horiei garrantzi berezia eman zieten, proiektuaren helburuetako bat "leiho itxien fenomenoa txikitzea" ere bazen-eta, eta horretarako horien ezaugarri nagusiak zeintzuk diren jakitea lagungarri izan daiteke.

Ondorioz, etxe hutsen inguruan ahalik eta informazio gehien bildu zuten; hala nola, zein motatako etxebizitzak diren (baserriak, txaletak, aterpeak edo etxe arruntak), zein egoeretan dauden, horma sendoak dituzten, egitura baldintza onetan dagoen edo ez, eraikin berria edo zaharra den eta halako datuak bilduz osatu zuten txostena. Texierren esanetan, "gehienak baserri handiak dira, horietako asko bi eta hiru solairukoak, eta kasu askotan berreraikitze lan handi eta garestiak gauzatu beharko lirateke gutxieneko baldintzak beteko lituzkeen bizitoki bilakatzeko".

Hurrengo urratsa, jabeekin banan-banan bildu eta haien asmoak zeintzuk ziren jakitea izan zen. Ehun etxeen nagusiekin kontaktu zuten eta konturatu ziren jabe gehienak bertakoak zirela. "Erdiak Aldude, Banka edo Urepelekoak dira, eta beste asko inguruko herrietakoak. Jabeen %10 soilik dira Euskal Herritik kanpokoak edo atzerrian bizi direnak. Gehienek etxea atxiki nahi dute, zeren badu balio berezi bat, familiaren ondare bat da, eta nahiz eta hutsik egon, beren etxearen aurretik egunero pasatzen dira; badu haientzat karga emozional handi bat", jakinarazi zuen teknikariak.

Hortaz, ez da hain erraza etxe hutsei bizia emateko egitasmo bat eraikitzea, baina 2016an herritarren artean zabaldu zuten galdetegi anonimo batetik ateratako ondorioetatik ideia orokor bat atera zuten: "Aldude inguruko biztanleen iritziz, gai honi irtenbide bat bilatzea beharrezkoa da". Texierrek honela laburbildu du biztanleen ikusmoldea: "Eskualdeko gazteek ere bizi behar dute eta egun etxebizitzak oso garesti daude. Inguru hauetako etxeak zein motatakoak diren kontuan hartzen bada, alegia, handiak, pisu bat baino gehiagokoak... are eta garestiagoak dira".

Hori dela-eta, jabe bakoitzak zein asmo duen jakin ostean, etxe bila dabiltzanek zehazki zer bilatzen duten ere jakin nahi zuten (etxea alokatu, erosi edo berreraiki). Horrela, datuak esku artean izanda, saltzaileen eta erosleen artean zubi lanak egin ditzakete. Izan ere, "helburua, leihoak itxita dituzten etxeei bizia ematea da, eta, bide batez, baita gure eskualdeari ere", zehaztu zuen teknikariak.

Ibarra beti aitzina

Leiho itxien arazoari irtenbide bat bilatzeko egitasmoa martxan jarri duen mugimenduak 90eko hamarkadan sortu zen Aldude Ibarreko Merkatarien Elkartean ditu sustraiak. Hastapenetan helburu bakarra zuen, tokiko laborari eta merkatariak elkartu eta bi urtean behin ”Ibarreko ate idekiak” antolatzea. 2006. urtean ekitaldi bakoitzerako gai bat hautatzea eta horretan sakontzea erabaki zuten, eta 2012an hainbat fronte ireki zituzten, galdera sinple bati erantzuteko: "Zer hobetu beharko litzateke hemendik 2030. urtera arte?".

Galdera horri erantzuteko sortu zen dinamikaren ondorioa da AIBA elkartea (Aldude Ibarra Beti Aintzina), eta bere helburua aski zehatza da: "Bailaran bizitza hobetzea, gogoeta eta talde lanaren bidez".