Kazeta

Abian da abenduaren 9ra arte presondegiz presondegi ibiliko den bira

Baionatik Mont de Marsanera joan da Bagoaz, Sare eta Etxeratek antolatu duen biraren lehen etapa azaroaren 16an. Lehen geldialdia Euskal Herritik hurbilen dagoen presondegian egin du eragile politiko, sozial, sindikatu eta hautetsiek osaturiko ordezkaritzak.

Vincent Bru Mont de Marsaneko kartzelako zuzendariarekin elkartu da. ©Bob EDME
Vincent Bru Mont de Marsaneko kartzelako zuzendariarekin elkartu da. ©Bob EDME

Goizeko 09.30ak inguru abiatu da Estatu frantseseko hogei kartzelatara hurbilduko den bira. Eragile politiko, sozial, sindikatu eta hautetsien ordezkaritza batek parte hartzen du Bagoaz, Sare eta Etxeratek antolaturiko ekimenean.

Lehen geldialdia Mont de Marsanen egitea erabaki dute. Bertako presondegia Euskal Herritik hurbilen dagoena baita, ehun bat kilometrotara hain zuzen. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) bertara hurbilduak izan daitezen aldarrikatzen du. Mont de Marsanera iritsitakoan, agerraldia egin dute kartzelaren aitzinean.

Michel Berhokoirigoinek hasiera eman dio hitz hartzeari. Aiete, Luhuso, Baiona eta Paris. Lau hitz horietan laburtu du bakegileak orain arte egindako bidea; Donostiako bake konferentzia, Luhusoko polizia operazioa eta apirileko ETAren armagabetzea aipatuta Parisen tamaina bereko hitzordu berria izan behar dela zehaztu dun Naiz atariak berri eman duenez. Urrats horiek guztiak aldebakarrekoak izan direla nabarmendu du baina, "orain presoak" leloari helduta, estatuek esku hartzeko unea iritsi dela. "Bide guztia ezin da unilateralki egin ahal»", esan du Berhokoirigoinek, "estatuek, eta bereziki Frantziak, behar du jokoan sartu".

Zazpi euskal presori DPS estatusa kendu izana eta Frantziako Gobernuarekin irekitako interlokuzioa aipagai, bide hori indartzeko espetxe birak berak eta Pariseko abenduaren 9ko hitzorduak duten garrantzia azpimarratu ditu bakegileak; "gaurtik hasi eta urtea amaitzerako urrats garrantzitsuak" izan beharko liratekeela nabarmendu du.

Bere ondoren Emilie Martin Bagoazeko kideak hartu du hitza, Frantzian preso diren euskal herritarren egoeraren berri emanez eta bereziki larriki gaixo direnena. Ondoren, Vincent Bru diputatuak zuzenean landu ahal izan du gaur euskal presoen egoera Mont de Marsaneko espetxeko arduradunekin, bertako zuzendariarekin eta honen albokoarekin bilera egin baitu. "Harrera oso ona" izan duela adierazi du, eskatutakoekiko interesa erakutsi dutela azpimarratuz. Espetxean 50 bat gizonezko presorentzat lekua badagoela adierazi diotela esan du kartzela atarian egindako agerraldian, beraz Frantzian diren ia euskal preso guztientzat lekua izango litzatekeela nabarmendu du berak.

Gainera, Frantziako Asanblea Nazionaleko gainerako diputatuei gaiaz mezua igorri diela aurreratu du eta abenduaren 9an Parisen izango den hitzordura batzeko deia egin diela. Gaur espetxe atarian zen Landetako En Marche alderdiko diputatu bat, Fabien Laine.

Mont de Marsanen lekua bada

Ordu eta aldi berean espetxezainen sindikatuekin bildu dira Euskal Herritik joan diren LAB, CFDT eta CGT sindikatuetako ordezkariak. Bilera ostean, Eñaut Aramendi LABeko ordezkariak baieztatu du badela lekua espetxean euskal presoak bertan hartzeko eta espetxezainek hasieran kezka agertu badute ere, EPPKko kide guztiak elkarrekin egoteko aukeraz, kolektibo gisa jarduteak berak ere interlokuzioa erraztu dezakeela nabarmendu dutela adierazi du.

 

Mont de Marsanetik abiatu ondoren, Lannemezango kartzelan geldiko da bira. Bertako eragile eta arduradunekin bilerak eginen dituzte euskal presoek pairatzen duten egoerari buruz hausnartzeko.