Kazeta

Lurrama: kulturaren topagunea, ere

Laborantza herrikoia hurbiletik ezagutzeko parada eskaintzeaz gain, kultur ekimenez gozatzeko mementoa da Lurrama azoka. Azaroaren 10etik 12ra dantza ikusgarri, kontzertu zein erakusketak ezagutzen ahalko dituzte Biarritzera joko duten bisitariek.

Tokiko produktuak garaile izanen dira Lurraman.
Tokiko produktuak garaile izanen dira Lurraman.

Lurrama azoka laborantza herrikoiaren topagunea bilakatu da. Urteak pasa eta ingurumenaren alde jotzen duten ohituretatik haratago doan egitaraua prestatzen joan dira antolatzaileak. Aurten ere, azaroaren 10etik 12ra programa aberatsa antolatu dute, musika, dantza eta erakusketaz josia.

Dantza. Polekelekeko dantzariek egitarauari hasiera emanen diote ostiralean 20.00etan. Biharamunean, dantza emanaldien lekukoa hartuko du Bilaka konpainiak. "Soka" deituriko sorkuntza eskainiko du lehen aldiz 18.00etatik aitzina. Horien ondotik, Zarena Zarelako konpainiak "Giz'arte' ikusgarria plazaratuko du. Euskal dantza eta munduko dantzak taula gaineratuko dituzte belaunaldi ezberdinetako artistek.

Bukatzeko, igandean, 17.00etan Kautere Balet taldeko xiberotarrek dantza tradizionalari forma berriak ematen ahal zaizkiola frogatuko dute.

Musika. Old Shocool Funky jazz funk taldea taula gainera igoko da ostiralean, 23.00etan. Zortzikoteak munduko estiloak entzunarazteaz gain, musika tradizionala ere joko du. Ondoren, Glaukoma Tolosako rap reggae taldeak irailean atera duen hirugarren diskoaz gozatzeko parada eskainiko du: "Kalima".

Larunbatean eta igandean, ikusgarrien ondotik, dantzaldiak proposatuko dituzte Lurraman. Horrez gain, hiru egunez animazioak izanen dira: txarangak, Kanboko ziganteak, Arrokantuzeko kantariak...

Gisa berean, larunbatean, 15.30ean herri kirol desafio bat antolatu dute. Euskal Herrian ezagunak diren kiroletan parte hartzen ahalko da. Hala nola, harri jasotzea, lasto altxatzea, lasto botatzea sardearekin.

Artea. Irati erakustazokara hurbilduko direnek Ddiddue Etcheberry artistaren obrak ikusten ahalko dituzte. "Barbalota" erakusketa bereziki Lurrama ekimenarentzat burutu du artistak.