Kazeta

Euskararen indarra pantailara eramanen duen filma

Lau gazteren begiradaren bidez, euskarari interesatu da Eugène Green zuzendaria bere film berrian. "Faire la parole" ("Hitza egin") izenburua duen dokumentala azaroaren 15ean ikusgai izanen da. Haatik, aste honetarako, azaroaren 9rako, estreinaldi berezia antolatu dute Donibane Lohizuneko Le Sélect zine gelan.

Euskaraz bizitzea erabaki duten lau gazteren bizipenak bildu ditu Eugène Green bere azken filman: "Faire la parole" ("Hitza egin"). Nahiz eta azaroaren 15ean zine geletan ikusgai izanen den, estreinaldi bereziak antolatuko dituzte aste honetarako Ipar Euskal Herrian. Lehena Donibane Lohizuneko Le Sélect zine gelan iraganen da azaroaren 9an, 20.30ean. Bigarrena, ordea, biharamunerako antolatu dute Mauleko zine gelan ordu berean.

"Faire la parole" filman lau gaztek euskararen indarra agerian utzi dute "nortasun bilatze eta bidai izpiritual" baten bidez. Eugène Green zuzendariak euskara bera mendebaldeko Europako hizkuntza zaharrena bezala definitzen du ekoizpenaren aurkezpenean. "Lurralde eta historia baten baieztapena" dela dio.

Besteak beste, Ortzi Murua, Aitor Servier eta Thierry Biscaryk euskararekiko duten harremana azaldu dute. Horretarako, gazteak uda batez segitu ditu hurbiletik zuzendariak.

Filmaren titularra zergatik aukeratu duen galdetzerakoan, honakoa dio Greenek: "Euskararen hizkuntzan gauza miresgarri asko daude, eta ikertu dudanean harritu nauen horietariko bat 'hitz egin' errateko modua. Aditz bat erabili ordez, 'hitz egin' erraten da'". Bere aburuz, euskara "hizkuntza baten sorreraren lekukoa" da.

Mementoz iragarri dituzten beste datak:

- Donibane Garaziko Le Vauban zinema gelan: azaroaren 22 eta 26an.
- Hendaiako Les Variétés zinema gelan: azaroaren 24 eta 25ean.