Kazeta

Picassoren Gernika margoa Sarako erdigunean

Pablo Picassoren Gernika koadroa margotu dute Saran. Axuri'Arte elkarteak bultzaturiko obra urriaren 14an estreinatu dute. 
Bederatzi artistek egindako lanak Gernikako bonbardaketaren 80. urtemuga omendu nahi izan du.

Jende anitz hurbildu zen obraren estreinaldira. ©Isabelle Miquelestorena
Jende anitz hurbildu zen obraren estreinaldira. ©Isabelle Miquelestorena

Axuri'Arte elkarteak tokiko artisten lanei tokia eskaini nahi die. Sarako erdigunean kokatua den arte galeria batean hainbat erakusketa plazaratzen ditu. Eraikinaren paretan, kanpoaldean, Gernikako bonbardaketaren 80. urtemuga omendu nahi izan du erakundeak. Horretarako, Pablo Picassoren koadroa margotu dute. Estreinaldia urriaren 14an antolatu zuten.

Axuria'Arte elkarteak bere ibilbidea 2016an abiatu zuen. Bixente Gartzia presidenteak azaldu duenez, gaur egun, lau lagunek funtzionamenduan parte hartzen dute. Margoketak, argazkiak, baita oihal sorkuntzak ere. Gisa anitzetako obrei merezitako garrantzia ematen die Sarako arte galeriak. Hain zuzen, bost erakusketa antolatu dituzte aurten.

Herrian kultura dinamika bat sustatu nahi du erakundeak. Ildo horretatik, Gernikak bizitakoa islatzen duen obra berriz egitea erabaki du. Sei metroko altuera duen pareta batean, bost metroko altuera eta 2,10 metroko zabalera duen margoa egin dute. Paretaren kokapena dela eta, obra herriko pilota plazatik ikusten ahal da. "Abuztuan hasi gara. Orotara bederatzi pertsonek parte hartu dute", erantsi du Gartziak. Ahalik eta "leialen" izaten entseatu direla dio kideak.

Obra burutua izanki, estreinaldia antolatu zuten larunbatean animazioak proposatuz. Zazpiak Bat dantza taldeak eta Arin zein Erlauntza koralek animazioetan parte hartu zuten. "Ekimen hunkigarri eta sinplea egin nahi genuen", gehitu du. Halaber, Georges Steer kazetariaren artikulu bat irakurri zuten ekitaldian. Steerrek 1937an Gerra Zibilari eta Gernikako gertakariei buruz idatzi zuen.

Omenaldia, kartzelatik

Urria bukaeran, 1937ko apirilaren 26ko gertakariak omendu nahi izan zituen Hazparneko herriak. Horretarako, Juan Karlos Subijana, "Txanpi", euskal presoaren obra bat erakutsi zuten turismo bulegoaren erakusleihoan. Egurrezko zati batean Picasorren obra marraztu zuen "pirograbaketaren" teknika erabiliz.

Xonia Bouchet Subijana euskal presoaren emazteak azaldu duenez, aste batez ikusgai izan ondoren, turista batek obraren erreprodukzio bat erosi zuen. "Picassoren jarraitzaile bat zen eta lanaren istorioak hunkitu zion", aipatu du Bouchet Subijanak.

Hainbat Herriko Etxe, hala nola Gernika eta Gasteizkoak, euskal presoaren obra erakusteko prest agertu direla erran du. "Oso harro sentitzen naiz nire senarraren engaiamenduaz eta baita bere arteaz ere", aitortu du.