Kazeta

Euskal Herria Sormen Saria irabazi du Asisko Urmeneta marrazkilariak

Marabili jaialdiak lehen Euskal Herria Sormen Saria Asisko Urmenetari ematea erabaki du. Artistaren ibilbidea eta euskararekiko duen lotura kontutan hartu du epaimahaiak. Hemendik aitzina, bi urtetik behin aitorpena eskainiko du festibalak.

Euskal Herria Sormen Saria jaso du Asisko Urmenetak.
Euskal Herria Sormen Saria jaso du Asisko Urmenetak.

Ondarroan ospatzen den Marabilli jaialdiak aurten eman du lehenengo Euskal Herriko Sormen Saria. Sariak kreazio arloan bizi osoan egindako lana omentzen du, espiritu kritikoa eta herriarekiko engaiamendua azpimarratuz, Naiz atariak azaldu duenez.

Lehen sari hori Asisko Urmeneta marrazkilariari eman nahi izan diote. Epaimaihak aho betez onartu du Asisko saritzea "artista plastiko gisa duen kalitateagatik, euskararekiko duen loturagatik, kultur eragile gisa egin duen lanagatik, Naparheid, Argia, H28, Gartxot eta bestelako egitasmoetan".

52 urteko komikilari nafarrak ibilbide oparoa du. Bere lehen pausoak Napartheiden eman zituen. Horren ondoren, hainbat prentsa kolaborazio egin ditu, Argian batik bat. Zazpiak Batman kolektiboko kidea ere bada (Kike Amonarriz eta Antton Olariagarekin batera Mantxut liburuak atera ditu), H28 aldizkari satirikoan parte hartu du eta Xabiroi Ikastolen Elkarteko aldizkarian ere marrazten du.

Hemendik aurrera, saria Korrika ospatzen den urteetan emango da, hau da, urte bakoitietan, urriko lehen larunbatean. Saria da saridunaren aurpegiarekin egindako buruhandia. "Dirurik ez baina maitasun handia", diote antolatzaileek.