Argitxu ETXANDI

Deliberatzeko ahalaz

ANALISIA- Kataluniak bizi duenari buruz hausnartu du Argitxu Etxandik. Egindako bidearen nondik norakoak aztertzeaz gain, gaur egun jokoan dagoena agerian utzi du. "Autogobernuaren joko arauak baliatuz, independentziaren bidea ireki du Kataluniak".

Bartzelonan iragan zen manifestazioaren irudia.
Bartzelonan iragan zen manifestazioaren irudia.

Maria Eugenia Rodriguez Palop erakasle katedratuak dioen bezala, "la soberanía no te la dan, la soberanía se ejerce". Erran nahi baita, burujabetza ez da eskatzen, praktikatuz garatzen da.
Kataluniako auzia pil-pilean den une honetan, argi ikusten da subirautza praktikatuz lortzen dela, eta erabakiaren prozedura elkarrekin bidea eginez zehazten dela. Herrien askapen prozesuen artean, Kataluniako kasua erabat berritzailea dela erran daiteke –Eskoziakoa bezala funtsean- independentzia eta erabakitzeko eskubidea argiki bereizten dituen neurrian.

Gertakari horien abiapuntua 2005ean Kataluniako Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu zuen Estatutu berria izan zen. Estatutu horren bidez proposatzen zen egituraketa federal bat plantan jartzea, Espainiar Estatuaren baitan egoteko. Espainiar Estatuak jadanik jarrera ukatzailea erakutsi zuen eta hasi zen estatutua murrizten. Hala eta guztiz ere, Espainiako Parlamentuak testua onartu zuen azken finean eta Kataluniako herritarrek erreferendum bidez berretsi zuten. Baina testua Auzitegi Konstituzionalaren aurrea errekurritu zen eta honen erabakiak Estatutuaren alde berritzaile guztiak indargabetu zituen, batez ere Generalitateari erreferendumak arautzeko eskubidea aitortzen zion xedapena.

Kataluniako legebiltzarraren helburua zen kontsulta legearen esparru legala zabaltzea, autodeterminaziorako erreferenduma bideratzeko gisan. Bi urte lehenago, Ibarretxek egin zuen antzeko saiakera Euskal Herritik. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsulta legea bozkatzerakoan, 2008ko ekainaren 27an, erabakitzeko eskubidearen aldeko adostasun politiko bat lortu zen Gasteizko Legebiltzarrean, eta espero zen erreferendum bidez berrestea 2010an.

Espainiako Gobernuaren jokabidea ikusiz, Kataluniako Legebiltzarrak bere lege propioa egitea erabaki du, eta hala egin du, joan den irailaren 6an autodeterminazio erreferendumari buruzko19/2017 legea bozkatuz, urgentziako prozedura baten bidez. Parlamentuko Idazkari Orokorrak legegileak abisatu zituen erranez legea ezin izanen zela argitaratu termino horietan, legez-kanpokoa zelakoan. Hala eta guztiz ere, Carmen Forcadell lehendakariak argitaratu zuen testua, oharpen guztiak baztertuz. Irailaren 8an berriz, Kataluniako Errepublika sortzeko eta trantsizioa prestatzeko 20/2017 legea bozkatu zuen Kataluniako Legebiltzarrak.

Lehenik eta behin, erreferendum legeak zehazten du mandatu demokratiko batean oinarritzen dela, legebiltzarkideak 2015ean hauteskunde bidez hautatuak izan baitira, eta hori delako demokraziaren adierazpenik gorena. Eta azpimarratzekoa da demokrazia ordezkatzailean oinarritzeaz gain, zuzeneko demokrazian ere aintzat hartzen dela, autodeterminaziorako erreferenduma antolatzea delako xedea, nazioarteko testu eta gomendioetan oinarrituz.

Erreferendumaren edukiari doakionez, hauxe da Kataluniako herritarrei egin zaien galdera zehatza: "Quiere que Cataluña sea un Estado independiente en forma de República?". Hots, Europar Kontseiluaren baitako Veneziako Batzordearen gomendioak jarraikiz, galdera argi eta garbia plazaratu da. Eta legean aurreikusten zen gehiengoan baiezkoa ateratzen balitz, horrek de facto Kataluniaren independentzia eraginen lukeela. Demosari doakionez, zehazten da Kataluniako hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea duen herritar orok parte hartzen ahal duela, baita kanpoan bizi diren katalanek ere.

Ondoren, erreferendum legeak hainbat mekanismo plantan jartzen ditu, prozesuaren zilegitasun demokratikoa ahalik eta gehien bermatzeko. Besteak beste, Hauteskunde Sindikatuaren sorrera aurreikusten du (Sindicadura Electoral), Kataluniako Legebiltzarrak hautatutako kideenaz osaturik, erreferendumaren printzipioen errespetua bermatzeko, eta prozesuaren gardentasuna, objektibotasuna, alderdikeriarik eza eta aniztasuna zaintzeko. Prozedura ez balitz behar bezala betetzen, Hauteskunde Sindikatuari helegitea aurkezteko aukera legoke.

Prozesuaren zilegitasun demokratikoa legez bermatzea da jokoan den korapilo nagusia. Azken batean, bi burujabetza dira parez-par, bata bestearekin talkan. Horrelako egoeraren parean, balio du oroitaraztea Kanadako Auzitegi Gorenaren posizioa. Izan ere, argi uzten du legalitateak demokraziaren menpe egon behar duela, eta ez alderantziz. Hori jakinda, nola egin Kataluniako berezko erakunde demokratikoen  baitan hartutako erabaki horiek Espainiar Konstituzioa baino zilegitasun demokratiko handiagoa izateko? Horretarako ezinbestekoa da nazioarteko zuzenbidea aintzat hartzea eta horren arabera interpretatzea Espainiako Konstituzioa.

Jakina, aitzinetik ikus zitekeen Gobernu zentralaren erreakzioa erreferendum legeari buruz. Izan ere, berehala 4 helegite jarri zituen Madrilek. Auzitegi Konstituzionalaren esku utzi zuen legea eta sorpresa handirik gabe, honek onartu zuen konstituzioaren kontrako errekurtsoa. Erabaki horrek de facto erreferendum legearen eta trantsizio legearen suspentsioa eragin du, bozketaren biharamunean berean.

Oztopo guztien gainetik, Kataluniako herriak erabaki du. Autogobernuaren joko arauak baliatuz, independentziaren bidea ireki du. Pauso bat eman du, baina bidea ez da hor bukatzen. Auzia juridikoki bideratu nahi bada, giza eskubideen errespetua eta bi herrien arteko elkarrizketa bermatu beharko lirateke. Aitzitik, nekez hitz egin daiteke ariketa demokratiko baten aurrean indarkeria erakusten duen gobernu batekin.