Iurre BIDEGAIN

Ez adiorik, H28

Kasik hiru urteko ibilbideari bukaera ematea erabaki du H28 aldizkari satirikoak. "Unilateralki" harturiko erabakia dela eta, bere azken alea argitaratu du irailaren 28an.

H28 aldizkariaren azken alea argitaratu dute irailaren 28an.
H28 aldizkariaren azken alea argitaratu dute irailaren 28an.

Charlie Hebdoren atentatuen ondoren, adierazpen askatasuna aldarrikatzeko beharra sentitu zuten Asisko Urmeneta, Marc Armspach eta Patxi Huartek. Horrek zion hasiera eman H28 aldizkariari. Geroztik, Euskal Herri osoko marrazkilari eta komikilariek horren satirarekin bat egin dute. Haatik, "unilateralki" ibilbide honi bukaera ematea erabaki dute. Horren eraginez, azken alea argitaratu dute irailaren 28an.

Joseba Larratxeri erabakiaren zergatiak galdetzerakoan, "higadura" hitza datorkio burura. "Ez da erraza urririk eta mugarik gabe lan egitea", azaldu du. Hasiera batean, aldizkaria sortu zutenek deia zabaldu eta segidan parte hartzaile gehiago animatu ziren. "Jende berria sartu zen eta denbora luzarazi dute. Hasierako taldea izango bagina, ez genituen hiru urte hauek iraungo", aipatu du Larratxek.

Urte hauetan oztopo zenbait gainditu behar izan ditu H28 aldizkariak. Hain zuzen, Nafarroako Komiki Azokak aldizkariaren bi lan zentsuratzea erabaki zuen: Opus Dei eta torturari buruzkoak. Larratxeren aburuz, "zentsura prebentiboa" izan zen, polemika sortu baino lehen badaezpada hartutako erabakia.

"Ez dakizu norengana iristen den egiten duzun lana. Intuizioz, iruditzen zait euskarazko kultura kontsumitzen duen talde bera dela. Gure kritikaren protagonista zorrotzena ez zen kolektibo hori. Horrek eragiten du, haserretu behar zenak ez baitzekien ere kritika egin genionik", erantsi du.

Aipaturiko oztopoez gain, urtekari forma duten bi lorpen polit uzten ditu aldizkariak. Marrazkilariaren aburuz, "pozteko arrazoi nagusienetarikoa" dira, hain zuzen. Crowdfunding kanpaina abiatu eta euskarriak argitaratzeko dirua lortu zuten marrazkilariek. "Sarean mamu gelditzen dena fisikoki errazagoa da ikustea", gehitu du. 

Agur erran badio ere, marrazkilariek lanean segituko dutela ziurtatu du Larratxek. "Jarraituko dugu, euskal gizartea ez da umezurtz geldituko".