Iurre BIDEGAIN

Ezpeletako kontzertuek hasiera emanen diote EHZko "Zirimolari"

Elkartasun erauntsi erraldoia ondotik, "bere kabuz" jaialdi bat antolatzea erabaki du EHZ elkarteak. Urriaren 6an Ezpeletan iraganen den ekimenean Anestesia, PILT eta Zea Maysek parte hartuko dute. "Zirimola" lelopean, datozen hilabeteentzat beste hainbeste animazio antolatuko dituela iragarri du erakundeak.

Urriaren 6an Ezpeletan iraganen den ekimenean Anestesia, PILT eta Zea Maysek parte hartuko dute.
Urriaren 6an Ezpeletan iraganen den ekimenean Anestesia, PILT eta Zea Maysek parte hartuko dute.

Aurtengo EHZren deuseztatzeak elkartearen baloreen hedapena ahalbidetu du Euskal Herrian gaindi. Eguraldia dela eta, festibala bertan behera gelditu zela jakin bezain laster sostengu keinuak agertu ziren txoko anitzetan. Ion Irabazal EHZ elkarteko kideak azaldu duenez, orain, beren helburua pausu berri bat eman eta beren baitatik ekimenak antolatu nahi dituzte.

Animazio horiek ordezkatzeko eta kanpaina berria abiatzeko "Zirimola hitza erabiliko du EHZk. "Lehen kanpaina Elkartasun Erauntsia deitu genuen, aroarengatik eta abar. Xekatzen genuen hitza bat ber-abiatzeari erreferentzia eginen ziona. Dena hautsi eta mugiarazi nahi hori aipatuko zuena eta horretarako Zirimola hautatu genuen, bete eguraldiaren gaian egoteko", azaldu du irriz Irazabalek.

Horiek horrela, lehen jaialdia urriaren 6rako Ezpeletan antolatu du elkarteak. PILT eta Zea Maysek Lekornen jo behar zuten festibalean, eta geroztik harremana mantendu dutela aipatu du kideak. Metal musika taldearen azken kontzertua izanen da. Anestesiaren kasuan, taldeak berak, kontzertu bat eskaintzea proposatu zuela aipatu du Irazabalek.

"Zirimola" kanpaina horren helburua urtean zehar beste ekitaldi batzuk antolatzea da. "Lau edo bost izanen dira", erantsi du.

Etorkizunarekiko hausnarketa

Uztailaz geroztik "harrigarria" izan den babesa jaso du elkarteak. "Gure eredua kontutan hartuz, beren kabuz ekimenak antolatu dituzte. Mezua pasarazia izan da eta zinez, eskertzekoa da", aitortu du gazteak.

Festibala bertan behera uztearen erabakia hartu eta, gogoeta fase bat eutsi diote EHZko kideek. "Anitz bilkura izan ditugu eta pasa dena pasa eta, alternatibeei ere pentsatu dugu", gehitu du. Hausnarketa horiek guztiak irailaren 23an, 11.00etan, Hazparneko Ttattola gaztetxean iraganen den biltzarrean plazaratuko dituzte. "Biziki garrantzitsua izanen da. Uda honetako gogoeta aktatuko da. Hor erabakiko dugu aurten zer eginen dugun", iragarri du Jon Irazabalek.