Kazeta

Balorazioa egin eta "Armagabetzeko euskal eredua" aurkeztu du Foro Sozialak

Foro Sozial Iraunkorrak ETAren desarmeari buruzko balorazioa plazaratu du irailaren 20ean Aieteko Jauregian. "Armagabetzeko euskal eredua" txostena nazioarte mailan hedatuko du Berghof Foundationek.

 

Foro Sozial Iraunkorreko kideen agerraldia Aieten. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Foro Sozial Iraunkorreko kideen agerraldia Aieten. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Apirilaren 8an gauzatutako ETAren desarmea baikorki baloratu du Foro Sozial Iraunkorrak. "Armagabetzearen euskal eredua. Prozesu berritzaile batetik ikasitako ikasgaiak" dokumentua aurkeztu du" irailaren 20ean Aieten egindako agerraldian. Euskal eredua erreferentzia bat bilakatu da nazioartean gatazken konponketa alorrean lanean ari diren eragileentzat. Hain zuzen, duela gutxi Oslon izandako bake prozesuei buruzko foro batean oihartzuna izan zuen.

Foro Sozial Iraunkorrak euskal desarmearen agertokia lagundu duten erakundeak goraipatu ditu. Hala nola, nafar eta Eusko Legebiltzarra, nazioarteko komunitatea baita eragile anitz ere. Ildo beretik, Nazioarteko Egiaztapen Batzordeko kideek egindako lana omendu du. Prozesua ahalbidetu duten dozenaka bake artisauak ere eskertu ditu.

"Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Iparraldekoaren nazioarteko komunitatearen eta gizarte zibilaren beraren arteko triangulazioa izan da arrakastaren bermea. Hori guztia posible izan da herri honetan inplikatutako aktoreak elkarrekin hitz egiteko eta adostasunetara iristeko gai izan direlako".

Jarduera baten bukaera

Instituzioaren aburuz, "Armagabetzearen eredua" lanean segitzeko balio behar du DDR prozesu batean: armagabetzea, desmobilizazioa eta berrintegrazioa. Desarmea burutu eta, erakundearen desmobilizazioari heltzen lagundu behar zaiola uste du. Gisa berean, preso dauden militanteak, iheslariak, klandestinoak baita deportatuak ere berrintegratzeko baliagarria izan behar da.

Agus Hernan eta Anaiz Funosasek beren poza adierazi eta, iragarpen bat egin zuten. Hau da: "Armagabetzeari buruzko Gogoeta bidearen" jardueraren bukaera. Beste hiru jarduerek oraindik segituko dutela aipatu dute: "Bizikidetza eta Memoria", "Presoen gizarteratzea" eta "Giza
eskubideak".

Aieteko agerraldian Ram Manikkalingam Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kidearen eskutitz bat plazaratu zuten. Gutunean konpontzeko gelditzen diren gatazkaren ondorioei aterabide bat atzemateko desioa adierazi zuen.