Kazeta

Uztaritzeko erailketa: ustezko egilea akusaziopean ezarriko dute

Uztaritzeko erailketaren ustezko egilea kartzelan sartzeko eskatu du prokuradoreak. Akusaziopean ezarriko dutela azaldu du Samuel Vuelta Simon prokuradorearen albokoa Marc Mariéek.

Marc Mariéeren agerraldia irailaren 19an. ©Isabelle Miquelestorena
Marc Mariéeren agerraldia irailaren 19an. ©Isabelle Miquelestorena

Atxiloaldiaren 48 orduak pasa ondoren, Uztaritzeko erailketaren ustezko egilea auzitegira jaukitu dute. Samuel Vuelta Simon prokuradorearen albokoa Marc Mariéek azaldu duenez, ikerketa epaile baten esku utzi du. Agerraldia egin du arratsaldean, 23 urteko neskaren hilketari buruz zabaldutako ikerketaren azkeneko emaitzen berri emateko. Atxilotua espetxean sartzeko eskatuko duela iragarri du.

Bokalen atxilotu zuten 38 urteko gizonak "ez du ukatu gertakarietan parte hartu" izana, Mariéek dioenez. Oroitarazi behar da, susmagarriaren arrasto biologikoak atzeman zituztela erailketaren eremuan.

Pertsona erasoerraz batengan borondatez eragindako heriotza krimena leporatu diote. Halaber, bortxaketa krimena eta etxe batean egindako lapurreta aurre egin behar dituen akusazioak dira. Hori dela eta, bizi osorako zigorra arriskatzen duela azaldu du prokuradore ordeak.

Ikerketa idekita dagoela erran du Mariéek. "Gauza asko baieztatzekoak dira", azpimarratu du Paueko ikerketa saileko jendarmea den M. Lesaffrek. "Denbora eskatuko" duela dio.

Atxilotua den pertsonak pairatzen dituen arazo psikologikoei dagokienez, "patologiak bere jarreran eragina izan dezakeen" ikertu behar dutela erran du Mariéek. Erailketa bikoitza kontsideratzen ahal denez galdegiterakoan, honakoa nabarmendu du: "zuzenbide penalean gizaki bat sortua izan behar da, definizioz"

"Basakeri matxistarik ez!"

Agiri baten bidez, emaztearen erailketak  "traumatismo kolektiboa sortu" duela deitoratu du Kutun elkarte kulturalak. Gertakariak "salaketa irmoa" eskatzen duela uste du. Hori dela eta,  "Basakeri matxistarik ez!" lelopean, irailaren 22rako 19.00etan elkarretaratze bat antolatu du Uztaritzeko Arruntzako plazan.