Linky: elkarretaratze bat auzitegira konbokatuak diren hiru auzapez xiberotarrentzat

Xiberoko Linkyren kontrako kolektiboak elkarretaratze bat antolatu du irailaren 15erako auzitegira konbokatuak diren hiru auzapezen sustenguz. Kontagailu elektrikoen instalazioaren kontrako erabakiak hartu izana leporatzen diete.

Kazeta|13/09/2017 13:05|0 commentaires
Capture_d_cran_2017-02-17_08
Linky kontagailuen uhinak arriskutsuak izanen lirateke haien instalazioen kontra borrokatzen direnen arabera.

Auzitegi administratibora konbokatuak diren hiru auzapez xiberotarren sustenguz, elkarretaratze bat antolatu du anti-Linky kolektiboak irailaren 15erako, arratsaldeko 2etan. Paueko auzitegiaren aitzinean jendea izatea espero dute. Horregatik guztiak elkarrekin joateko hitzordua 12:30ean finkatu dute Maulen eta Atarratzen.

Iruri, Ozaze-Zuhara eta Hauzeko auzapezak dira auzitegira konbokatuak direnak. Hain zuzen ere, Enedis-en Linky kontagailu berrien ezartzea eteteko erabakiak hartu zituzten hiruek. Pirinio Atlantikoetako prefekturaren arabera erabaki horiek legez kanpokoak dira. Prefekturaren aburuz, kontagailu elektrikoei buruzko erabakiak hartzeko gaitasuna SDEPA departamenduko energia sindikatuarena da.

Auzitegira konbokatu dituzten Euskal Herriko lehen herriak dira Xiberokoak. Ber arrazoiengatik auziperatua izaten ahalko litzateke ere Atarratze. Lapurdin aldiz, Arbonako herriak Linky kontagailuen instalatzea arautu zuen. Horrek Baionako suprefeta asaldatu zuen baina besterik gabe. Landesetan berriz, Tarnoseko hiria justiziaren aitzinetik pasatu zen joan den uztailean Xiberoko hiru herrien moduan. Auzitegiaren kontrako iritziaren aitzinean helegitea aurkeztu du.