Kazeta

Bretainian 'ñ' letra baimenduko duten erabakiko dute irailaren 13an

Urte honetako maiatzean sortu den Fañch gazte bretainiarrak bere izena baimendua den edo ez jakingo du irailaren 13an. Epaileak bere erabakiaren berri emango du prokuradoreak salaketa aurkeztu ondoren.

 Estatu frantsesak "ñ" letraren erabilpena debekatzen du.
Estatu frantsesak "ñ" letraren erabilpena debekatzen du.

Iragan maiatzaren 11n Fañch gaztea sortu zen, Quimperren, Bretainian. Bere burasoak izena erregistratzera joan zirenean, Estatu Zibilaren ukazioarekin topo egin zuten. Hain zuzen, Aldizkari ofizialean argitaratu zen letrei buruzko zirkular batek erabili daitezkeen azentudun letren zerrenda plazaratu zuen. "Ñ" letra ez dago aipaturiko listan.

Burasoei izena aldatzea galdetu zieten. Haatik, komunikabideetan kasuak izandako oihartzuna dela eta, azkenean, izena baimentzea erabaki zuen Estatu Zibilak. Prokuradoreak horren kontra jotzea erabaki zuen, segidan. Epaileak bere erabakiaren berri emango du irailaren 13an.

Azpimarratzekoa da Bretainian baita Euskal Herriko izenetan ere "ñ" letra maiz aurki daitekeela. Iñaki, Iñigo, Aña, Beñat, Garbiñe... Letra erabiltzearen eskubidea aldarrikatzeko, Bretagne Culture erakundeak izenpetura bilketa bat antolatzea erabaki zuen. Orain arte, 3.850 izenpetura lortu ditu.