Kazeta

Berritze proiektuaren kontra jo du Larrun ez hunki kolektiboak

Pirinio Atlantikoetako departamentuak eta gunea kudeatzen duen Altuerako Guneetarako Erakunde Publikoaren proiektuaren kontra agertu da Larrun ez hunki kolektibo berria. Geltokiaren ingurua eta tontorra berritu nahi dituen plangintzaren eraginak deitoratu ditu elkarte eta herritarrak biltzen dituen taldeak.

Biltzar publikoak eta mobilizazioak antolatu ditu sortu berri den kolektiboak. ©Larrun ez Hunki
Biltzar publikoak eta mobilizazioak antolatu ditu sortu berri den kolektiboak. ©Larrun ez Hunki

Larrungo trena eta inguruak berritzeko egitasmoaren kontra jo du "Larrun ez hunki" sortu berriko kolektiboak. Jadanik proiektuaren kontra zeuden elkarte eta biztanleen mugimenduak batu dituen taldea da. "Turismo masiboa" bultzatu nahi duen plangintza deitoratzeko agerraldia antolatu zuen abuztuaren 5ean mendi tontorrean.

Sara, Azkaine, Bera, Urruña baita kostaldeko herritarrak ere elkartu dira Larrun zaindu nahi duen kolektiboan: "Larrun ez hunki". Egitasmoaren eraginak azpimarratzeko hainbat urrats eman ditu taldeak. Hain zuzen, Estatu frantseseko Ekologia ministroa den Nicolas Hulot eta Eric Morvan prefetari gutun bat helarazi zien. Halaber, bilkurak izan dituzte Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako presidentea, Sara eta Berako auzapezekin.

Phillipe Lacarra, Rafa Caldievielso eta Ellande Alfarok hitza hartu zuten agerraldian departamenduko kontseiluari mezu argi bat ohartarazteko. Hau da, aitzina eraman nahi duten proiektuak "Larrun desitxuratzeaz gain, kalte handiak eragingo dituela".

Oroitarazi behar da 35,9 milioi euroko kostua izanen duen ideiak azpiegitura eta trenak berritu nahi dituela. Halaber, bi tren berri erosi nahi dituzte. Horiek elbarrituentzat egokituko dituzte. Azpiegiturari dagokion atal horrek proiektuaren aurrekontu gehiena hartuko luke: 20,6 milioi. Gainera, aparkatzeko 500 toki berri egitea aurreikusi dute, besteak beste.

"Hau dena turismo plangintza handi batean sartzen da, komunikazio kanpaina handiekin,
Larrun produktua saltzeko, turismo masiboari buruz segituz... Diru publikoaren zentzugabeko erabilera ere dakar", salatu du taldeak.

"Mendia zaindu!"

Larrun gune sailkatua dela eta Natura 2000 sarearen barne dela gogora ekarri ondoren, jende metatzeak lurraren higadura eragingo duela ohartarazi du kolektiboak. Ildo horretatik, "mendi izaera" atxiki dezala nahi dute herritarrek. "Ez dugu nahi atrakzio parke bat bilaka dadin", erantsi dute.

Mendiaren izaerari buruzko gogoeta batean murgiltzea deitu diete herritar eta hautetsiei: "mendiaren erabilera, mendiko turismoa, ibiltariak, artzainak, biztanleak, gure ondarea…". Gaiarekiko engaiamendua lortzeko xedez, biltzar publikoak baita mobilizazioak ere antolatuko dituela iragarri du kolektiboak.