Xan Idiart

Enedis eta Arbonaren arteko ika-mika

Enedis-en Linky kontagailuen instalatzeak eteteko bi erabaki hartu zituen Arbonako Herriko Etxeak uztailaren 5ean. Hala ere herritar batek sozietako langile bat ikusi du ostegunean Arbonan. Dioenez, hiru kontagailu instalatu ditu egun horretan.

Enedis-eko langile batek hiru Linky kontagailu ezarri ditu Arbonan, ostegunean, nahiz eta Herriko Etxeak hori debekatu. © Josiane Mertsch
Enedis-eko langile batek hiru Linky kontagailu ezarri ditu Arbonan, ostegunean, nahiz eta Herriko Etxeak hori debekatu. © Josiane Mertsch

Enedis eta Arbonako Herriko Etxearen arteko ika-mika ez doa kalmatuz. Arbonako Herriko Etxeak bi erabaki hartu zituen uztailaren 5ean, Enedis-eko Linky kontagailuen instalatzeak bertan behera uzteko. Hala ere, uztailaren 27an, sozietateko langile bat ikusi du herritar batek. Egun horretan, hiru kontagailu aldatu ditu Arditegia auzoan gaindi. Herriko Etxeak auzitegira jo dezake, baina oraingoz, ez da aukeratu duen hautua.

Linky kontagailuek zer eragin duten gure osasunean ez dakigu. Inkestak eskas dira", dio Marie-José Mialocq auzapezak. Horregatik hartu zituen bi erabaki horiek Herriko Etxeak. Hala eta guztiz ere, arbonar batzuen kontagailuak aldatzeko asmoa baldin badu Enedis-ek, zerrenda osatu bat igorri behar dio lehenik Herriko Etxeari deliberamenduaren arabera. Gero, hautetsiek herritar bakoitzarekin aztertzen dute kontagailua kanbiatu nahi duten edo ez.

Ostegunean, aldiz, Herriko Etxea abisatu gabe etorri zen Arbonara Enedis-eko langilea. Josiane Mertschek ikusi zuen lehen aldiz. Linky kontagailueen instalatzeen kontra diharduen Irrintzina kolektibokoa da. "Autotik atera, eta langileari erran diot ez zuela deretxo egiten ari zena egiteko. Ez zuela nirekin mintzatu nahi erantzun dit gero, berean segituz".