Kazeta

Bestetako lehen gauaren bilana

Zauritu bat, bi interpelazio, 182 pertsona sokorri zentro edo hospitalean, eta hiru auto kiskaliak. Horiek dira oro har, Baionako bestetako lehen gauean jazo diren gertakari nagusiak.

Baionako bestetan, gaua edo gaua hurbiltzen delarik gertatu ohi dira ezbehar gehienak. © Isabelle MIQUELESTORENA
Baionako bestetan, gaua edo gaua hurbiltzen delarik gertatu ohi dira ezbehar gehienak. © Isabelle MIQUELESTORENA

Lehen gaua "kalme" izan dela diote prefekturako agintariek. Hala eta guztiz ere, ez da ezbeharrik gabe iragan. Hain zuzen ere, Askatasun Plazan, pertsona bat bost metrotik erori da Errobira. Nahiz eta larriki zauritua izan, ez dago hilzorian.

Ere, Poliziak erasoak jasan ditu. Pertsona bat CRS bati oldartu zaio, autobusetan sartzeko unean. CRS-a uspeldua izan da jazarpenagatik. Beste CRS batekin ere gaizki portatu da bigarren pertsona bat. Erasotzaileak, gizon ala emakumeak ziren ez dute zehaztu Prefekturan, baina argi utzi nahi izan dute biak komisaldegira ekarri zituztela atoan.

Alkoolemia kontrolak ere biziki zorrotzak izan dira. Zifreek azaltzen dutenez, orotara 701 kontrol egin dituzte poliziek besta eremuaren inguruetan. Haietako 24 positiboak izan dira, eta sei delitu tasetan. Alkoolaren eraginpean, 182 pertsona sokorri zentro eta hospitalean artatu dituzte, horien artean, 12 adingabe. Drogari dagokionez, 11 kontrolen gainean, arau hauste bat izan da bakarrik.

Horrez gain, 22 kontrol egin dituzte ostatu eta janaria saltzen zuten tokietan. Haietako laurentzat garbitasun arazoak baziren, eta ekoizpenak legez kanpo ziren. Bestalde, gaua bukatzear zenean, norbaitek auto bati su eman dio goizeko 6etan. Sutea beste sei ibilgailuri barreiatu zaie, hiru osoki kiskali direlarik. Inkesta bat abian jarri du poliziak jakiteko zer gertatu den egiazki, eta nork piztu duen sutea.